
Eustatek eskainitako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak %10,1 apaldu dira joan den maiatzean. Denera, 2.687 milioi euroko esportazioak egin dira, iazko hilabete berean, aldiz, 2.990 milioi eurokoak egin ziren. Beherakada energia sektoreko ondasunen ondorioz jazo da, izan ere, %57 amildu dira iazko maiatzaren aldean.
Lurraldeka, Bizkaian kanpo merkataritza %17,9 jaitsi da; Gipuzkoan, %13,6. Araban, bestalde, esportazioek gora egin dute, %6,7.
Inportazioek ere beherakada izan dute, %10,9, eta 2.141 milioi eurokoak izan dira maiatzean. Kasu honetan ere, energia sektoreak eragin du beherakada, bertako ondasunen inportazioa %63,8 jaitsi baita.
Halaber, Bizkaiko jarduerak eragin du EAE osoan inportazioak apaldu izana, %28,2 murriztu baitira lurraldean. Araban eta Gipuzkoan hazi egin dira, %23,1 eta %7,5 hurrenez hurren.
Hartara, maiatzean, merkataritza-saldoa positiboa izan da (545,8 milioi eurokoa), eta estaldura-tasa % 125,5era iritsi da.