Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ondasunen esportazioak %5,9 murriztu ziren otsailean, 2025eko epe beraren aldean. Eustat estatistika erakundeak jakinarazi duenez, 2.528 milioi euroko esportazioak egin ziren. Batik bat energia produktuen esportazioek egin dute behera (%45,2). Gainerakoenak, aldiz, %4,1 apaldu dira.
2026ko otsailean, merkataritza-saldoa positiboa izan zen (296,2 milioi euro ingurukoa), eta estaldura-tasa (esportazioen eta inportazioen arteko erlazioa neurtzen duena) %113,3koa izan zen. Alemaniara (392 milioi euro), Frantziara (390,1 milioi euro) eta Erresuma Batura (167,1 milioi euro) egin ziren salmenta gehien.
Lurraldeka, Araban %9,1 murriztu dira esportazioak, Bizkaian %6,5 eta Gipuzkoan %1,8.
Inportazioei dagokienez, urte arteko tasa %4,2 jaitsi zen otsailean, nagusiki produktu energetikoen inportazioek bultzatuta, %21,2 murriztu baitziren. Gainerako produktuen inportazioa %1,5 hazi zen.
Arabako eta Gipuzkoako inportazioek %11,7 eta %1,1 egin zuten gora, hurrenez hurren, eta Bizkaikoek %12,8 egin zuten behera.