Eustatek EAEko familiek 2025. urtean izan zituzten gastuei buruzko estatistikak argitaratu ditu gaur. Datu orokorra honakoa da: etxeko batez besteko gastua 38.835 eurokoa izan zen, 2024an baino %6,9 handiagoa. Pertsona bakoitzeko batez bestekoa zertxobait gehiago handitu zen, %7,3, 16.642 eurora iritsita.
Estatistika erakundeak zenbakiak aletu ditu, eta COICOP 2018 sailkapenak izendatzen dituen hamahiru taldeak kontuan hartuta, iragarri du gastuaren igoerarik handiena Garraioen taldeak izan zuela (ibilgailuen erosketa, ibilgailu pertsonalaren erabilera eta bidaiarien eta salgaien garraio-zerbitzuak barne hartzen dira). Urtebetean, etxeek talde horretara bideratutako batez besteko gastuak %29,1eko egora izan zuten, hots, 4.196 euroko batez besteko gastua. Osasunaren arloak ere %18,4ko hazkundea izan zuen, etxe bakoitzeko gastua 1.521 eurokoa izatera iritsita; antzeko joera izan zuen Irakaskuntza taldeak ere, gastua %15,2 handitu baitzen 2024arekin alderatuta, batez besteko gastua 654 eurokoa izanik.
Neurri batean edo bestean, gastua igo egin zen hamahiru taldeetan, eta familien gasturik handiena Etxebizitza eta horniduren taldera bideratutakoa izan zen, batez besteko 13.410 euro suposatu baitzuen etxe bakoitzarentzat. Horrek esan nahi du EAEko etxeek izan zuten guztizko gastuaren herena baino gehiago (%34,5) bideratu zutela sektore horretara. Bigarren gasturik handiena Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak taldearena izan zen, batez besteko 5.829 eurorekin.
Zenbatekoak lurraldeka aztertuz gero, ikus daiteke Gipuzkoako etxeek egin zutela etxeko batez besteko gasturik handiena (40.917 euro), baina EAEko guztizko kontsumoaren %32,5 egin zuten; Arabakoek egin zuten gastuaren %14,7 (batez besteko 35.970 euroko gastuarekin) eta Bizkaikoek gastatu zuten gainerako %52,8 (batez besteko 38.480 euroko gastuarekin).
Etxeen tamainaren arabera ere kopuruak aldatu egin ziren. Kide bakarreko etxeen kasuan, batez besteko gastua 25.938 eurokoa izan zen pertsonako; bi kide zituzten etxeetan gastua 20.534 eurokoa izan zen pertsonako; gero eta kide gehiago izan, antzematen da pertsonako gastua beheratu egiten dela EAEko etxeetan, 4 kide baino gehiagoren kasuan pertsonako 11.747 euroko batez besteko gastua izatera iritsi arte.
Azkenik, diru iturri nagusiaren araberako gastua ere zehaztu du Eustatek: gehien gastatu zutenak norberaren konturako lana egiten zutenak eta jabetza- eta kapital-errentak zituztenak izan ziren, batez besteko 43.796 euroko gasutarekin. Besteren konturako lana egiten zutenek 41.567 euro gastatu zituzten, eta aldiz, pentsioak edo bestelako prestazioak zituztenek 34.730eko gastua izan zuten, batez beste.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta