Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien artean ezkortasuna da nagusi (-9) azken hiru hilabeteetan, 2025eko laugarren hiruhilekoan (-9) eta 2026ko lehenengoan (-8) bezala. Laboral Kutxako ikerketa departamentuak eginiko azterlanaren arabera, “eszeptizismoa” berretsi da EAEko etxeetan, azken urteetako ziurgabetasunak eraginda. Irango gerrak sortutako ezegonkortasunak nahiz osasuna eta etxebizitza bezalako gaien egoerak kezkatzen ditu familiak.
Familien konfiantza apalduta dago oraindik. Alde batetik, ekonomia orokorraren martxari buruzko aurreikuspena ezkorra delako (-26); eta bestetik, etxeko ekonomiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenak ere eskasak direlako (-11). Testuinguru horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako familiak baikortasunetik gertu (-2) dira langabeziari dagokionez, eta aurrezteko gaitasuna berretsi dute (+4).
EAEko afiliazioa inoizko mailarik altuenean dago (1.042.680 afiliazio maiatzean, duela urtebete baino 13.531 gehiago), eta langabezia-tasak jaisten jarraitzen du (103.733 pertsona maiatzean; hau da, azken 17 urteetako daturik onena). Gainera, BPGa %2tik gora hazi da azken bost hiruhilekoetan. Hala ere, txostenaren arabera, “eszenatokiaren itzala” inflazioa da, oraindik ez baitu lortu %2ko tasara itzultzea.
Erosketak egiteko unea ez da batere egokia EAEko familientzat (-21), nahiz eta etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa antzeko mailatan mantendu den azken hilabeteetan. Familien %1,4k eta %5,6k aipatu dute erosteko asmoa dutela.
Halaber, EAEko familiak bereziki ezkorrak dira (-28) prezioen bilakaerari buruz galdetuta, eta horrek agerian uzten du inflazioak eragina zuzena duela etxeetan. Besteak beste, eguneroko produktuen etengabeko prezio igoera sumatzen dute familiek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta