Laboral Kutxak euskal kontsumitzaileen konfiantzaren inguruko txostena eman du argitara gaur. 2023ko hirugarren hiruhilekoa biltzen du ikerketak, eta, oro har, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako familien konfiantzak behera egin duela ondorioztatu dute.
Urteko baliorik okerrera izan du kontsumitzaileen konfiantzak azken hiru hilabeteetan (-13), eta behin betiko urteko emaitza -10ean kokatu da, iazkoa baino zertxobait positiboagoa (-11).
Espainian (-13), Europako Batasuneko 27 herrialdeetan (-17), Frantzian (-15), Alemanian (-14) eta Herbehereetan (-18) konfiantza maila antzekoa izan da. Erregaien nahiz elikagaien inflazioak, aurreikuspen ekonomikoa okertzeak eta enpleguarekiko kezkak eragin dute, batik bat, familien ezkortasuna.
Bada, konfiantza neurtu ahal izateko Laboral Kutxak erabilitako lau irizpideek egin dute behera. Ekonomia orokorrarekiko konfiantza bederatzi puntu apaldu da eta -25koa izan da. Etxeko ekonomiak bost puntu egin ditu behera eta -16ko emaitza izan du. Langabezia eta aurrezteko gaitasunarekiko konfiantza ere negatiboa da, -6 eta -4 puntu hurrenez hurren, baina emaitza positiboetatik gertuago daude.
Konfiantza galerak familien gastuan eragin zuzena du, eta inkestaren emaitzek hori azaleratzen dute. Prezioen bilakaerari buruzko pertzepzioa negatiboa da (-7) eta erosketa handiak egitearen inguruko konfiantza oso eskasa (-29). Halaber, etxebizitza erosteko asmoa “motel” dagoela dio txostenak. Urtarriletik uztailera bitartean 13.258 salerosketa egin dira, 2022an baino %8,7 gutxiago.