• EKONOMIA
  • EAEko gastu turistikoa %31 hazi da 2019tik, eta BPGaren %6,8ra iritsi da

EAEko gastu turistikoa %31 hazi da 2019tik, eta BPGaren %6,8ra iritsi da

Turismoari lotutako gastua 6.665 milioi eurokoa izan zen 2024an, nahiz eta pandemia osteko susperraldiaren ondoren hazkundea makaldu den

Donostia | Argazkia: iStock
Donostia | Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 26a - 12:40

Euskal Autonomia Erkidegoko gastu turistikoa %31,1 hazi da 2019tik 2024ra eta dagoeneko Barne Produktu Gordinaren %6,8 suposatzen du, Eustaten azken datuen arabera. 2024an, turismoko gastua 6.665 milioi eurora iritsi zen, aurreko urtean baino 526 milioi gehiago; beraz, urte arteko hazkundea %8,6koa izan da.

 

Hala ere, zenbait urtez aurrerapen bereziki handiak egin ondoren estastika erakundeak azaldu du hazkundearen erritmoa moteldu egin dela, pandemiaren ostean susperraldia nabarmena izan baitzen turismo gastuan. Hala ere, turismoak euskal ekonomian duen pisuak goranzko bidean jarraitzen du, 2023an BPGaren %6,6an eta osasun-krisiaren aurretik %6,3an kokatu ondoren. 

Gastu turistikoa bi osagaietan banatzen du Eustatek, eta biak ala biak handitu ziren 2024an: turismo hartzailea (EAEn atzerritik etorritako bisitariek egindako gastua) %7 hazi zen, 4.041 milioi eurora iritsita; turismo igorlea (EAEko biztanleek erkidegotik kanpo egiten duten gastuari dagokion zenbatekoa) 6.308 milioi eurokoa izan zen, %7,3ko hazkundearekin.

 

Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban gastu turistikoa batez besteko autonomikoa baino gehiago hazi da, %9,3 eta %9,2, hurrenez hurren; Bizkaian, aldiz, %7,6 igo da. Haatik, Bizkaiak bildu zuen gastu osoaren gehiengoa (%43,4), Gipuzkoak (%42,7) eta Arabak (%13,9) jarraituta. BPGari dagokionez, turismoa %8,7ra iritsi zen Gipuzkoan, %5,9ra Araban eta %5,8ra Bizkaian.