• EKONOMIA
  • EAEko hoteletan % 4,5 igo da bisita kopurua irailean

EAEko hoteletan % 4,5 igo da bisita kopurua irailean

Irailean 380.529 sarrera eta 786.007 ostatu-gau izan dira guztira. Hilabete honetako sarrera guztien %57,6 eta ostatu-gauen %59,4 atzerritarrenak izan dira

Bilboko Alde Zaharra | Argazkia: iStock
Bilboko Alde Zaharra | Argazkia: iStock
2026ko urriaren 22a - 11:59
Eg. 2026ko urriaren 22a - 13:33

Turismoaren gorakada irailean nabaritu da eta Eustatek horrela baieztatu du Establezimendu turistiko hartzaileen inkestaren bitartez. EAEko hotel establezimenduetako sarrerak %4,5 igo dira eta ostatu-gauak %5 igo dira urte arteko terminoetan, hau da, 2026ko iraila eta 2025eko iraila alderatuta. Guztira 380.529 sarrera eta 786.007 ostatu-gau izan dira. Bisita horiek nondik datozen aztertzerakoan iraileko sarreren %57,6 eta ostatu-gauen %59,4 Estatutik kanpo datozen bisitariena izan dela ikus daiteke.

 

Lurraldeka aztertuz, igoera handiena Gipuzkoan nabaritu da. Aurreko urteko irailarekin alderatuz %6,3 sarrera gehiago egon dira, guztira 156.276, eta ostatu gauak %6,9 igo dira, 333.727 kopuruarekin. Bizkaian sarrerak %3,9 igo dira eta ostatu-gauak %6,8; guztira 177.514 sarrera eta 355.241 ostatu-gau izan dira. Araban, aldiz, igoera ez da hainbeste nabaritu, 46.739 sarrera eta 97.039 ostatu-gau erregistratu baitira, aurreko urteko irailean baino %1,3 gehiago eta %6,8 gutxiago, hurrenez hurren.

Hiruburuetan aldiz, igoera eduki duen bakarra Donostia izan da. Bertan, sarreren bolumena %0,3 igo da. Bilbon eta Gasteizen aldiz, %0,7 eta %3,8 jaitsi da, hurrenez hurren. Ostatu-gauen datuetan egoera antzekoa da. Igoera handiena Donostian nabaritu da %6,5eko hazkundearekin. Bilboko igoera %0,9koa izan da eta Gasteizekoa %10,8koa.

 

Eustatek argitaratutako datuen arabera, udako hiru hilabeteetan (uztaila, abuztua eta iraila), EAEko hotel-establezimenduetan 1.257.334 sarrera erregistratu dira, aurreko urteko aldi beraren aldean %5,7ko igoera izanik. Ostatu-gauetan ere %5,8ko igoera izan da, guztira 2.653.261 gauekin.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain