
Eustaten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako industria jarduerak zertxobait gora egin du azken aldian. Zehazki, irailean %2,7 igo da ekoizpena, iazko epe berarekin alderatuz gero, eta %1,6 hazi da abuztutik irailera bitartean.
Halere, 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2022ko epe berean baino %0,3 gutxiago da industriaren guztizko ekoizpena.
Metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioak, industria kimikoak, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioak %1,5 egin du gora urtetik urtera, eta ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen nahiz trenbide-materialaren eta aireontzi edo itsasontzien eraikuntza %8,2 hazi da 2022ko irailarekin alderatuta.
Aitzitik, energia ekoizpenak egin du behera berriz ere. %5,1 apaldu da jarduera, iazko irailarekin erkatuta. Kontsumo ondasunek ere behera egin dute, %4, hain zuzen ere.