EAEko industria jarduera %6,2 hazi da iazko martxotik aurtengora

Hilabeteko epean ere %2,3 egin du gora

Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Euskal Autonomia Erkidegoko industria produkzioa %6,2 hazi da martxoan, 2022ko hil beraren aldean, lan egutegiko baldintza homogeneoetan. 2023ko martxoa eta otsaila alderatuta ere igoera nabari da, industria jarduera %2,3 igo baita hilabetean. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jakinarazitako datuak dira.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, 2023ko martxoko indizea %8,8 hazi da bitarteko ondasunetan, hau da, metalurgian eta produktu metalikoen fabrikazioan, industria kimikoan, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioan. Ekipo ondasunetako jarduera, berriz, %6,1 hazi da, hau da, ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren makinen eta tren materialen eraikuntza, eta aeronautika edo ontzigintza eraikuntza.

Kontsumo ondasunek ere urte arteko joera positiboa izan dute 2023ko martxoan, sektore osoan %3,4ko hazkundearekin. Hazkunde hori kontsumo ondasun ez iraunkorren portaerari zor zaio, horien produkzioa %4,8 igo baita. Elikagaiak prozesatu eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, farmazia produktuak eta jantzigintza dira eremu honetan sartzen diren jarduerak. Bestalde, kontsumo ondasun iraunkorren ekoizpenak, besteak beste, altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioak, %2,7 egin du behera.

Energia, azkenik, %2 jaitsi da urte artean 2023ko martxoan. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea.

Euskal industriako pisurik handieneko sektoreen artean, 2023ko martxoan garraio materialak izan du hazkunderik handiena, %18,6koa; ondoren, kautxuak eta plastikoak, %12koa; eta elikagai industriak, edariak eta tabakoak %6,2koa.  

Aitzitik, urte batetik bestera produkzioaren jaitsiera izan duen sektore bakarra energia elektrikoa, gasa eta lurrunarena izan da, % 6,4ko jaitsierarekin.

Industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan 2023ko martxoan. Produkzioaren hazkundea %9,7koa izan da Araban, %6koa Bizkaian, eta %4,3koa Gipuzkoan.

2023ko lehen hiruhilekoaren balantzea

Urteko lehenengo hiru hilabeteetako metatuan, Industria produkzioaren indizeak %1,5eko hazkundea izan du, ekipamenduko ondasunek (%3,4) eta tarteko ondasunek (%3,2) bultzatuta.

Kontsumo ondasunek ere bilakaera positiboa izan dute (%2,9); energiak, berriz, %10,4ko tasa negatiboa izan du lehen hiruhilekoan, eta guztizkoaren hazkundea %1,5era mugatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK