EAEko industria prezioak %8,4 igo dira otsailean, iazkoaren aldean

2023ko urtarriletik otsailera %1,7ko igoera izan dute

Industria jarduera EAEn | Argazkia: Irekia Industria jarduera EAEn | Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko industria prezioek %8,4 egin dute gora otsailean, 2022ko otsailaren aldean. 2023ko urtarriletik otsailera, berriz, %1,7 hazi dira prezioak. Eustat Euskal Estatistika erakundeak jasotako datuen arabera, urtebetean hazkunde nabarmenak izan dituzten sektoreen artean leudeke zuraren, paperaren eta arte grafikoaren industria, %18,6 hazi baitira prezioak; baita erauzketa industriak ere, %18,3 hazita; elikaduraren, edarien eta tabakoaren industriako prezioak ere %16,3 igo dira; ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzan, %14,9ko igoera izan dute; eta kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral eta ez-metalezko batzuk, %14,1 garestitu dira.

Aldiz, 2023ko urtarriletik otsailera prezioak gehien igo diren sektoreen artean daude energia elektrikoa, gasa eta lurruna, %12,5 igo baitira prezioak; kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metalezko batzuk, %3ko igoera izan baitute; elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria prezioak ere %2,7 hazi dira; eta erauzketa-industriako kostuak %2,4 hazi dira. Aitzitik, prezioetan beherakada izan dute kokeriak eta petrolio fintzeak, %5,4 merkeago baitaude; eta zuraren, paperaren eta arte grafikoen industriak ere %1,2 merkatu dira.

Helmuga ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraituz, ekipo ondasunen prezioen aldakuntza %0,6koa izan da 2023ko urtarrilarekin alderatuta. Tarteko ondasunena, berriz, %0,4koa izan da, eta kontsumo ondasunek %2,3 egin dute gora. Energiaren prezioak, berriz, %3,8 igo dira aurreko hilarekin alderatuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK