
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak ohartarazi du urtea hasi zenetik irregulartasunak egon daitezkeela aldi baterako 3.239 kontrataziotan eta aldizkako kontratu finkoetan. Hori dela eta, 1.343 jakinarazpen bidali dizkie enpresei, lan kontratuetan iruzurra egon den zantzuen berri emanez.
Iruzurraren aurka borrokatzeko tresnari esker atzeman dira irregulartasunak. Sistema horren bidez, gutun bat bidaltzen zaie lan araudia urra lezaketen kontratuak dituzten enpresei, eta epe bat ematen zaie egoera horiek zuzentzeko (hilabeteko epea jakinarazpena jasotzen dutenetik). Une horretatik aurrera, ikuskaritza jarduerari ekiten zaio.
Bada, gutunak bidali zaizkie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2.003 langileri eragiten dieten 673 enpresari, modu sistematikoan aldi baterako kontratazio mota desberdinak konbinatuta edo behin eta berriz erabiliz kontratatu diren langileak altan mantentzen dituztelako. Beste 291 enpresek ere jakinarazpena jaso dute, ustez 462 irregulartasun egon direlako legez edo konbentzioz baimendutako gehieneko aldiak gainditzen dituzten aldi baterako kontratuak erabiltzeagatik.
Azkenik, hainbat enpresek ustez 774 kasutan, aldizkako kontratu finko batekin altan mantentzen dituzte zerbitzuak etenik gabe edo jarraipenik izateko aukerarik ez duten langileak. Kasu honetan, 379 enpresari bidali zaizkie eskutitzak.