Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) adierazi du irailetik aurrera Estatutu Markoaren aurka Espainia osoan medikuen greba mugagabea deitzen bada, EAEn ere bat egingo dutela, nahiz eta atzo bertan Osakidetzarekin medikuen lan baldintzak hobetzeko akordioa sinatu duten. Itunak, besteak beste, guardia eredua berrikustea, librantza sistema hobetzea eta ordainsariak eguneratzea jasotzen ditu. Haatik, akordioak gainerako sindikatuen desadostasuna eragin du, eta horiek Osakidetzako Mahai Sektoriala utzi dute.
Gaur goizean Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Mabel Arziniega SMEko idazkari nagusiak esan du "dezepzionatuta" dagoela gainerako sindikatuek akordioaren aurrean izan duten erreakzio "tamalgarriagatik". Haren arabera, hitzarmenak medikuen lan baldintzak hobetzea ahalbidetuko du, eta gogorarazi du fakultatiboek orain arte Osakidetzako gainerako profesionalek baino "1.000 lanordu gehiago" egin dituztela urtean.
Arziniegak ukatu egin du akordioa isilpeko negoziazio baten emaitza izan dela —hala salatu zuten atzo gainerako sindikatuek—, eta azaldu du SMEk Eusko Jaurlaritzarekin izandako aurrerapenen berri eman duela prozesu osoan, aurreakordioa Mahai Sektorialera eramanez. Era berean, nabarmendu du EAEn lortutako itunak ez duela aldatu sindikatuaren jarrera Estatutu Markoaren inguruan, eta ohartarazi du greba batzorde nazionalak greba mugagabea onartuz gero, EAEn ere deialdiarekin bat egingo dutela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta