• EKONOMIA
  • EAEko ogasunak, lehen aldiz Ecofinen

EAEko ogasunak, lehen aldiz Ecofinen

Fiskalitateari buruzko Goi Mailako Taldearen bileran zerga betebeharren sinplifikazioaz eta esparru teknologikoko multinazionalen tributazioaz eztabaidatu da

Javier García Ross EAEko Nazioarteko Fiskalitate Batzordeko koordinatzailea Ecofinen goi bileran | Argazkia: Irekia
Javier García Ross EAEko Nazioarteko Fiskalitate Batzordeko koordinatzailea Ecofinen goi bileran | Argazkia: Irekia
2026ko irailaren 23a - 15:58
Eg. 2026ko irailaren 23a - 16:22

Urteetan eginiko eskakizuna izan da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak ordezkari propioa izatea Ecofinen. Izan ere, Europar Batasuneko gai finantzario eta fiskalak eztabaidatu eta zehazten diren organoa da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek fiskalitate propioa izanik, koordinaziorako eta informaziorako mahaietan eurak zuzenean izatea garrantzitsutzat jotzen zuten.

 

Bide horretan inflexio puntua markatu du gaurko egunak. Lehen aldiz, Jaurlaritzako ordezkari bat izan da Ecofinen batzar batean. Javier García Ross Ogasun eta Finantza Saileko nazioarteko fiskalitaterako aholkularia eta EAEko Nazioarteko Fiskalitate Batzordeko koordinatzaileak Fiskalitateari buruzko Goi Mailako Taldearen bilera batean parte hartu du. Jorratutako gai nagusia izan da Europa lantzen ari den zerga-betebeharrak sinplifikatzeko proposamena, tartean DAC Administrazio Lankidetzarako Zuzentaraua eta Omnibus Zuzentarau Fiskala deiturikoa modernizatzea. Hala, administrazio kargak murriztu eta ekonomiaren lehiakortasuna indartzea lehenetsi nahi dute. Hala ere, beste alderdi batzuk ere jarri dira mahai gainean, hala nola ekonomia digitalaren eta talde multinazionalen tributazioari buruzko akordioak, edota NBEn eta G20en eginikoaren jarraipena.

Nazioarteko goi bileretan parte hartzeko bidea orain bi urte zabaldu zen. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko azaroaren 13ko eta 2025eko apirilaren 10eko bilkuretan jorratu zen gaia, eta horietan adostu zen lurraldeok ordezkari propioa izango zutela. Hala, beste urrats bat suposatzen du Ekonomia Itunaren kanpo-proiekzioan, baita eztabaidetan egoteari dagokionez. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain