• EKONOMIA
  • EAEko ogasunen apirilera arteko diru bilketa handitu egin da

EAEko ogasunen apirilera arteko diru bilketa handitu egin da

Iaz baino %12,9 gehiago bildu da Araban, %11,4 Bizkaian eta %8,1 Gipuzkoan

Arabako foru ogasunaren egoitza | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Arabako foru ogasunaren egoitza | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko maiatzaren 16a
Eg. 2025eko maiatzaren 16a

Azken egunotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunak apirileko zerga bilketaren azken datuak eskaini dituzte. Gipuzkoari dagokionez, lurraldeko zerga bilketa metatuak %8,1eko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 1.459 milioi euro bildu dira apirilera bitartean, 2024ko aldi berean baino 109 milioi gehiago. Diru sarrera osoak %9 igo dira, eta itzulketak, %11,3. Zuzeneko zergen bilketa likidoak %1,8 egin du gora, zeharkako zergenak %7,9 egin du behera.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eskaini ditu datuok. Azaldu duenez, zerga bilketa igo da lan-etekinen gaineko atxikipen, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipen, BEZa eta Estatuarekiko BEZaren doikuntzei esker.

Bizkaian, apirilera arte, 3.843,7 milioi euro bildu dira guztira tributu itunduetan, hau da, 2024ko bitarte berean baino 393,7 milioi euro gehiago; beraz, %11,4ko igoera egon da. Era horretan, apirilaren 30erako, 2025eko aurrekontu osoaren (10.182,3 milioi) %37,7 bildu da dagoeneko. Zuzeneko zergapetzea 2.003,7 milioi eurora igota, bilketa 167,9 milioi (%9,1) handitu da iazko apirilarekin alderatuta. Zeharkako zergapetzeak, aldiz, 1.557,2 milioi euro batu ditu azken hilabetean.

 

Araban, azkenik, urte arteko hazkundea %12,9koa izan da. Zehazki, 761,9 milioi euro bildu dira apirilera arte, 86,9 milioi euro gehiago. Zerga zuzen nahiz zeharkakoen bilketa handitu da: zuzenekoetan 332,7 milioi euro batu dira (%11,7ko hazkundea), zeharkakoetan 344,2 milioi, %8,6 gehiago.