• EKONOMIA
  • EAEko osasun sektoreak 9.400 milioi euro fakturatu zituen iaz

EAEko osasun sektoreak 9.400 milioi euro fakturatu zituen iaz

Basque Health Clusterren arabera, bioekonomiaren sektoreak 100.000 milioi eurotik gorako fakturazioa izango du 2030ean

Asier Albizu gaurko agerraldian | Argazkia: BHC
Asier Albizu gaurko agerraldian | Argazkia: BHC
2025eko ekainaren 5a
Eg. 2025eko ekainaren 5a

EAEko osasun sektoreak 9.400 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuen 2024an, BHC Basque Heath Clusterrek azaldu duenez. Sektoreak 62.000 lanpostu baino gehiago ditu, 415 enpresetan banatuta.

 

Klusterraren 15. urteurrena baliatuta, gosari informatiboa antolatu dute gaur Bilbon. BHCk 2010ean 14 enpresa zituen, eta egun 132 entitate elkartu ditu. Asier Albizu elkarteko presidenteak klusterraren orain arteko ibilbidea azaldu du eta 2027ra begirako plan estrategikoa aurkeztu du. Plan horren barruan, besteak beste, 2026rako abiaraztea aurreikusten den Osasun Poloa berrikuntza-gunea dago. “Urteurren hau ez da iraganaren errepaso hutsa. Etorkizuneko adierazpen bat da: Euskadik biharko osasunaren lider izan nahi du berrikuntzaren, lankidetzaren eta Europarekiko konektagarritasunaren bidez”, nabarmendu du Albizuk.

Idoia Muñoz BHCko zuzendariak, bestalde, zera adierazi du: “Gaur lankidetza, berrikuntza eta hazkundearen historia ospatzen dugu, baina etorkizunera begiratzeko unea ere bada. Osasun-industriak ez du etorkizuneko Europako zati izatearekin konformatzen. Euskadiko produkzio-sarearen eta ongizatearen funtsezko zati da jada”.

 

Hazkunde jasangarrirako, osasuna eta biozientziak sektore estrategikoak direla jakitun da klusterra, eta testuinguru horretan, EAEk “terapia aurreratuetan” bere posizionamendua sendotu duela uste du. Hala, osasunaren sektoreak duen garrantzia azaltzeko zenbait datu eman ditu klusterrak: bioekonomiaren sektoreak 100.000 milioi eurotik gorako fakturazioa aurreikusten du 2030erako Europan. Dena den, Europaren I+G inbertsioa baxua da oraindik AEBekin alderatuta.