Hispack paketatze industriari buruzko feria egingo dute Bartzelonan, Firan, maiatzaren 24tik 27ra, eta Gipuzkoako hemezortzi enpresa, Bizkaiko hamaika eta Arabako bat izango dira bertan. Horren harira, Espainian sektoreak duen jarduera eta inpaktuari buruzko txostena aurkeztu dute antolatzaileek El packaging, motor de innovación de las industrias izenpean —euskaraz, itzulita, 'paketatzea, berrikuntzaren motorra industrietan'—. Horien artean, EAEko enpresen datuak partekatu dituzte: 164 enpresa ari dira aipatutako industrian, 6.795 langilerekin, eta guztira 2.168 milioi euro fakturatu zituzten 2020an. Espainian, fakturazioa, 29.750 milioi eurokoa izan zen urte hartan, beraz, zifraren % 7,3 da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa.
Honen barruan, nabarmentzekoa da beiraren sektoreak lortutakoa, Hispacken arabera. Hiru dira horretan jarduten diren euskal enpresa nagusiak, eta hiruen artean 684 milioi euroko fakturazioa lortu dute, EAEko paketatze industriaren % 31,5 hain zuzen ere. Fakturazio guztiaren % 58 dator zurgintza, papergintza, ontziratze eta enbalaje makinaria eta plastikoari lotutako azpisektoreetatik. Lehenengoan 44 enpresa ari dira, bigarrenean 40, hirugarrenean 30 eta laugarrenean 29.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta