EAEn 1.091 atzerritar gehiago zenbatu ditu Gizarte Segurantzan martxoan; Nafarroan 232 gutxiago

Iazko epe berarekin alderatuta, EAEn igoera %9,03koa izan da eta %6,52koa Nafarroan

Behargin bat lanean | Argazkia: iStock Behargin bat lanean | Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegoan 1.091 atzerritar gehiago zenbatu dira Gizarte Segurantzan afiliatuta hilabete honetan, otsailean baino %1,9 gehiago. Nafarroan, aldiz, otsailaren aldean %0,65 apaldu da kopurua, izan ere 232 afiliatu atzerritar gutxiago daude, astearte honetan Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak eman dituen afiliazio datuen arabera. Urte arteko tasari dagokionez, bi erkidegoek izan dituzte igoerak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %9,03ko igoera, eta %6,52koa Nafarroan.

Hala, 2024ari dagokionez, lehen hiru hilabetetan 92.693 atzerritar daude afiliatuta EAEn, eta 35.670, Nafarroan. Erregimenen arabera sailkatuta, gehienak (%80) Erregimen Orokorrean daude, eta bigarren talde ugariena (%16-%18) autonomoak dira, eta etxeko langileak, hirugarren. Afiliatutako atzerritar gehienak gizonezkoak dira bi erkidegoetan (51.288, EAEn eta 20.793, Nafarroan). Emakumeak 41.405 dira EAEn, eta 14.877, Nafarroan. 

Espainiako estatuko datuei erreparatuta, Gizarte Segurantzak 62.573 afiliatu atzerritar irabazi ditu martxoan, aurreko hilabetean baino %2,3 gehiago. Lehen hiruhilekoaren itxieran, 2,7 milioi atzerritar daude afiliatuta Estatuan, inoizko kopururik handiena. Eta 2020ko otsailaz geroztik, 596.052 atzerritzar gehiago daude sisteman. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK