
Eustatek argitara eman dituen datuen arabera, urtarrilean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak %12,7 egin dute behera, iazko epe berarekin alderatuz gero. Aurten, 2.376 milioi euroko esportazioak izan dira guztira. Beste behin, energia produktuak izan dira beherakadaren erantzule nagusiak, izan ere, %28 apaldu dira.
Inportazioei dagokionez, 2.259 milioi eurokoak izan dira, iazko epe berean baino %4,8 gutxiago. Kasu honetan, energia arlokoak ez diren salgaietan eman da beherakada handiena, %12,3. Hala ere, inportazio energetikoek %16 egin dute gora.
Lurraldeka, esportazioen jaitsiera handiena Arabak izan du, %17,5ekoa. Bizkaian beherakada %13,6koa izan da eta Gipuzkoan %5,5ekoa.
Era berean, esportazio gehienak Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Italia eta Erresuma Batuetara bideratu dira, guztiaren %53a, hain zuzen ere. Frantziara iritsitakoak 442,9 milioi eurokoak izan dira, Alemaniakoak 382,9 milioi eurokoak eta Italiakoak 148,0 milioi eurokoak.
Bestalde, inportatutako salgai gehienak (%43) Europako Batasunako herrialdeetatik etorri dira. Ondasunak hornitzen dituzten herrialdeen artean, Alemania nabarmentzen da, 236,1 milioi eurorekin. Jarraian datoz Estatu Batuak (234,2 milioi euro) eta Frantzia (157,7 milioi euro).