
Hemendik aurrera, betiere langileentzat onuragarriagoak badira, erkidegoetako zein lurraldeko lan hitzarmenak lehenetsiko dira, Estatukoen aurretik, astearte honetan EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu duten akordioaren arabera. Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartuko du, subsidioen dekretuaren barruan eta berehala sartuko da indarrean.
Neurria 2023ko abenduko EAJren eta PSOEren inbestidura akordioan adostu zen, baina urtarrilaren 10ean bertan behera geratu zen Espainiako Diputatuen Kongresuan, Podemosek, PPek, Voxek, eta UPNk aurka bozkatu baitzuten. Garai hartan, EAJk ohartarazi zuen "erne" egongo zela neurri hau Ministroen Kontseilura itzul zedin.
Aitor Esteban EAJk kongresuan duen bozeramaileak pozik hartu du erkidegoetako zein lurraldeko lan hitzarmenak lehenestearen neurria, "euskal langileen lan-baldintzak hobetzea" ahalbidetuko duen "aldarrikapen historikoa" delako.