EAJk eta PSE-EEk zerga esparru “komun” bat adostu dute EAEko hiru lurraldeentzat. Besteak beste, hainbat neurri adostu dituzte enpresen errotzea indartzeko, belaunaldi errelebora errazteko, kanpoko langileak erakartzeko eta langileen parte hartzea sustatzeko.
Bi alderdiek ohar bidez iragarri dute “esparru komun” hori, eta aipatutakoaz gain, etxebizitza eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko neurriak ere barne hartzen ditu.
Joan den ekainean, Bizkaiko foru ogasunak hainbat zerga neurri iragarri zituen, eta orduan, PSE-EEk salatu zuen neurri horiek bere oniritzirik gabe atera zirela aurrera. Egoera horrek harrabotsa sortu zuen, eta hori dela eta, bi alderdi politikoek zenbait neurri adostu nahi izan dituzte.
Adostutako neurriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan txertatuko dira, dagokien arau-aurreproiektuen bidez edo legebiltzarreko izapideen zuzenketak baliatuta. Ondoren, lurralde bakoitzak esparru komun hori zabaldu edo osatu ahal izango du.
Araba eta Gipuzkoaren kasuan, EAJk eta PSE-EEk beste alderdiren baten babesa beharko dute neurri fiskal horiek onartzeko, ez baitute gehiengo osorik.
Besteak beste, enpresen jarraipena eta belaunaldi erreleboa ziurtatzeko asmoz, bi alderdiek enpresa eta negozioen transferentzietan gainbalioak %30 murriztea adostu dute, betiere jardueraren eta enpleguaren jarraipena bost urtez bermatzen bada. Murrizketa hori %35eraino handituko da eskualdaketa enpresa txiki bati egiten bazaio, eta %40raino 36 urtetik beherako emakume bati eginez gero.
Era berean, crowdfundingen titulartasunen araudia berrikustea eta lurraldeetako proiektu estrategikoetarako ekintzailetza eta ekoizpen jarduera indartzeko erreserba handitzea adostu dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta