EAJk hauteskundeak irabazi ditu EH Bildurekin eserlekuetan berdinduta. Eta orain zer?

Hauteskundeetako gako nagusiak argituta, epe laburreko erronka ekonomikoei nola heldu aztertu beharko du EAJk eta PSE-EEk osatuko duten Eusko Jaurlaritza berriak.

Hauteskundeetarako zerrenda buruak garaipena ospatzen. Argazkia: EAJ Hauteskundeetarako zerrenda buruak garaipena ospatzen. Argazkia: EAJ

Hiru gako zituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek: EAJ eta EH Bilduren arteko lehia, gobernagarritasunerako formula eta ezker konfederalaren emaitza. Hauteskunde gauak joko zelai politiko berria argitu du, inkestek aurreikusten zituzten emaitzetatik zertxobait aldenduta. Zalantza nagusia EH Bilduk hauteskundeak irabaziko zituen bazen, bozketan edo eserlekuetan behinik behin, alderdi jeltzalea koalizio abertzaleari gailendu zaio 28.594 bozen aldea aterata. Urduri ekin zioten jeltzaleek kanpainari azken hauteskundeetan izandako boto galeraren joerak mehatxatuta. Lehendakarigaiaren izendapenak ere ez ohiko irudia utzi zuen dena kontrolpean izatera ohituta dagoen alderdian. El Correo taldeak Imanol Pradalesen izena aurreratu izanak eta Iñigo Urkulluk lehendakari izaten jarraitzeko asmoa adierazteak nahasmen puntua sortu zuen, alderdiak normaltasun irudia zabaldu nahi izan bazuen ere. Behin Urkullu lehendakaritzarako lehian ez zela izango jakinda, EH Bilduren hautagaiaren izena ezagutzea baino ez zen falta eta koalizio abertzaleak, jeltzaleek bezala, izen berri bat plazaratu zuten, Pello Otxandiano. 

Hauteskundez hauteskunde beheranzko joeran murgilduta zegoen Eusko Alderdi Jeltzalea eta iazko Foru eta Udal Hauteskundeen emaitzek alarma guztiak piztu zituzten. Kanpainan zehar zabaldutako inkestek urduritasuna are gehiago hedatu zen, eta jeltzaleek kanpainaren bigarren astean azeleragailua zapaldu eta bere mezuen dezibelioak igo zituzten. Futbolak eta Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzak lehen astea estali bazuen, bigarrenean kanpaina berpiztu egin zela esan liteke. Otxandianok SER katean egindako elkarrizketan ETAren inguruan esandakoak baldintzatu du, besteak beste, kanpainaren azken txanpa. Jeltzaleek estrategia erabaki zuten Pradales lehendakari gisa aurkeztuta. ETB1ekoan ez bezala, gorbata jantzi zuen ETB2ko debatean eta Otxandianoren kontrako diskurtsoa indartu zuen, beldurraren botoa aktibatu nahian. EH Bilduri gizartearen kontrola inposatu nahi izatea leporatu zion hautagai jeltzaleak Venezuelarekin parekatuz. Ikusteko zegoen kanpainaren bigarren asteak jeltzaleentzako aurreikuspen ezkorrak urrunduko zituen eta, hein handi batean, ematen du baietz.

Euforia nagusi izan da Sabin Etxean: lau eserleku galduta ere Jaurlaritzari eusten dio EAJk

Sabin Etxean erakutsitako euforia ikustea baino ez zegoen lau eserleku galdu eta botoetan ia 4 puntu atzera egin eta gero jeltzaleek emaitza ontzat eman dutela ikusteko. Sabin Etxeatik oso metro gutxitara, Bilboko Zabalguneko merkatuan euforia ere nagusi izan da bart, EH Bilduren egoitzan. Duela lau urte jeltzaleekiko zuten eserlekuen aldea 10tik zerora pasatu izanak, biek 27na parlamentario lortuta, festa eztanda eragin zuen. Koalizio subiranistak emaitza historikoak lortu ditu, 300.000 botoen langa gaindituz eta jeltzaleekiko aldea 2,7 puntutara murriztuz. Gobernura iritsi eta aldaketa gauzatzeko helburua, ordez, urrun dute oraindik, PSE-EEk jeltzaleekin adosteko asmoa ikusita. Atzoko emaitzek, baina, joera aldaketaren beste urrats bat izan liteke, eta EH Bilduk alternantziarako alternatiba sendoa dela erakutsi du.

Indar oreka berria Jaurlaritzan

Hauteskundeetako bigarren gakoa gobernagarritasuna zen. Kanpainan zehar argitaratutako inkestek ezbaian jartzen zuten EAJ eta PSE-EEren arteko koalizioaren gehiengoak. Emaitzek, ordea, koalizio gobernuari hauspoa eman diote, baina alderdien arteko oreka nabarmen aldatu da. EAJk lau eserleku galdu dituen bitartean sozialistek bi irabazi dituzte. Indar korrelazio berriak garrantzia handia izango du erabakiak hartzeko orduan. Etxebizitza politikak, esaterako, talka sortu zuen jeltzale eta sozialisten artean, Eusko Jaurlaritzak estatu mailako lege berriari helegitea jarri eta gero. Ikusteko dago, hortaz, bi alderdien arteko negoziazioen letra txikia. 

Ezker konfederala osatzen duten alderdiek jasoko luketen babesa hauteskunde gauaren hirugarren gako nagusia zen. Elkarrekin Podemos eta Sumarren arteko talkak boto emaileak uxatu ditu, eta hainbatek EH Bildu babestea erabaki du. Etsipena sortu zuen abertzale ez diren ezkerreko boto emaileen artean bi alderdien arteko talkak, Galizian gertatu zena ikusita batez ere. Sumarrek baino ez du lortu ordezkaritza legebiltzar berrian. Araban atera du parlamentario bakarra, Jon Hernandez Hidalgo, Ezker Anitza-IUko kidea. Estatu mailan ez da giro Sumar eta IUren artean eta ikusteko dago Sumarreko legebiltzarkide bakarra IUkoa izateak bi alderdien arteko harremana ez ote duen gehiago tenkatuko. Hauteskunde kalkulagailua aterata, agerikoa da ezker konfedaralak emaitza askoz hobeak lortuko zituela batera joanda. Bizkaian, esaterako, Sumarrek ez zuen ordezkaririk lortu 700 bozengatik. Elkarrekin Podemosek lurralde horretan lortutako 12.000 botoek, ordea, bi eserleku lortzen lagunduko lukete. 

Hauteskunde kalkulagailua aterata, agerikoa da ezker konfedaralak emaitza askoz hobeak lortuko zituela batera joanda

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde sistema izan da, ohikoa den bezala, atzoko gauaren beste protagonistetako bat. Lurralde bakoitzak eserleku kopuru bera erabakitzeak Araba mugarri izatea suposatzen du. Hala EAJk eta EH Bilduk eserleku kopuru bera lortu badute ere, ia 28.600 boto gehiago lortu dituzte jeltzaleek. Koalizio abertzalea Araban eta Gipuzkoan gailendu bada ere, Bizkaiak du biztanle gehien, jeltzaleen gotorlekuan. Hauteskunde matematiken beste albo kalteetako bat PP eta PSE-EEren emaitzetan topa daiteke. Popularrek duela lau urte baino 36.500 boz gehiago lortu dituzte eta sozialistek 27.400. PPk, baina, eserleku bat gehiago lortu du eta alderdi sozialistak, ordea, bi gehiago. 

Etxebizitza politikan, aldaketarik?

Hauteskundeetako gako nagusiak argituta, gobernu berria negoziatzen hasiko dira alderdiak. Ez da sorpresarik espero eta litekeena da EAJ eta PSE-EEren arteko koalizioak gobernu berria osatzea, Pradales lehendakari dela. Jaurlaritza berriaren osaketan, baina, aldaketak egotea espero da, bi alderdien emaitzak ikustea. Orain arte baino indartsuago ekingo diote sozialistek negoziazioei eta ikusteko dago zeintzuk diren kudeatuko dituzten sailak. Etxebizitza izan da orain arte jorratu duten arloetako bat, Iñaki Arriolaren gidaritzapean. Hauteskunde kanpaina honetako gai nagusietakoa da etxebizitzarena eta bi alderdiek, PSE-EE eta EAJk jarrera ezberdinak dituzte. EAEko 2016ko etxebizitza legea PSE-EE eta EH Bilduren babesari esker atera zen, EAJk kontra bozkatuta. Estatu mailako legean ere talka egin zuten bi alderdiek eta Jaurlaritzak auzitegietara eraman zuen legea, euskal eskumenak urratzen zituelakoan.

Jaurlaritzak estatu mailako legeari helegitea jarri izanak jeltzale eta sozialisten arteko harremana tenkatu zuen. Baliteke orain jarrera aldaketa egotea

Estatu mailako legeak alokairuen prezioak mugatzen ditu tenkatutako guneetan, ogasunak emandako informazioa aintzat hartuta. Alokairuentzako gehienezko prezioak kalkulatu ditu dagoeneko estatuak hainbat erkidego autonomoetarako. EAE eta Nafarroarako, aldiz, foru ogasunen datuak beharrezkoak dira mugak ezartzeko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek ez dute informazio hori oraindik partekatu. Arriolak PSEko sailburuak urtarrilean nabarmendu zuen etxebizitzaren fiskalitatea berrikustearen beharra. Zerga eskumenak Foru Aldundien eta Batzar Nagusien esku egonda, alderdi nagusien arteko negoziazioa beharrezkoa izango da. PNV eta PSE-EEk Bizkaian baino ez dute gehiengoa eta, hortaz, PP, EH Bildu edo Elkarrekin Podemosen babesa beharko dute. Alderdiek behin baino gehiagotan azaldu dute legebiltzarrerako hauteskundeen ostean ekingo diotela negoziatzeari baina ekaineko Europako Parlamenturako hauteskundeak ate joka egonda, pentsatzekoa da uda ostean ekingo diotela zerga erreformaren negoziazioari. Atzoko hauteskunde gauak utzitako joko zelai politiko berriak nola eragingo duen, argitu beharreko gakoetako bat izango da.

Europako Funtsen kudeaketa, legegintzaldia bukatu aurretik

Bi urte eta erdi, gutxi gorabehera, izango ditu Eusko Jaurlaritza berriak bere esku dauden Europako Next Generation funtsak kudeatzeko. Estatuko Gobernuak funtsen zatirik handiena zuzenean kudeatzen badu badira autonomia erkidegoen esku dauden hainbat programa. Jaurlaritzak behin baino gehiagotan salatu du Sanchezen gobernuak erabiltzen dituen irizpideak funtsak banatzeko orduan,, baina bere agintepean dauden eremuetan badira kritika ugari jaso duten hainbat erabaki, etxebizitzen birgaitzerako funtsak, esaterako. Aurrekontua agortuta hainbat jabekide erkidego eraikinak berritzeko lanak abiatu barik utzi dituzte, funts gehiago heldu bitartean. Ibilgailu elektrikoak edo karga puntuak instalatzeko laguntzak ere Jaurlaritzaren esku daude. 2026ko abendurako administrazio publikoek Europako funtsak esleituta eta bideratuta izan beharko dituzte nahi eta nahiez. Jaurlaritza berriaren erronketako bat izango da, zalantza barik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK