Ecolumber-Uriarte Iturrate, Delicass eta Paturpat izan dira BTEM sarietako irabazleak

Apirilaren 16tik 18ra BECen egin den Food 4 Future elikagaien industriari buruzko nazioarteko azokan egin da sari banaketa

Aurtengo sarietako irabazleak saria jaso duten unea | Argazkia: Azti Aurtengo sarietako irabazleak saria jaso duten unea | Argazkia: Azti

Ecolumber-Uriarte Iturrate taldea, gourmet Delicass marka eta Paturpat kooperatiba izan dira Euskadiko Elikadura Berrikuntzaren Sarien (BTEM) laugarren edizioko irabazleak. Basque Food Cluster-ek eta Azti zentro teknologikoak antolatutako sarien helburua euskal elikagai-industriaren balio-kate osoan enpresek egiten duten lana, jardunbide egokiak, ahalegina eta ekarpen berritzailea aitortzea da. Apirilaren 16tik 18ra BECen egin den Food 4 Future elikagaien berrikuntzari buruzko nazioarteko foro nagusian egin da sari banaketa-ekitaldia.

Honela, Ecolumber Uriarte Iturrate talde arabarrak, Prozesuaren Berrikuntza kategoriako saria jaso du Air Nuts produktuagatik. Aztik kaleratu duen oharraren arabera, "fruitu lehorren snack berritzailea da, eta goitik behera aldatu du sektorea", patentatutako teknologia bati esker, lau urtez ikertu eta garatu ondoren.

Bestalde, Paturpat Merkatuko Berrikuntza kategorian V. gamako patata, kontsumorako prest dagoena, eta merkaturatzeagatik nabarmendu da. Produktu honek, kontsumitzaileei osasunari mesede egiteaz gain, elikagaiak alferrik galtzearen arazoa ere lantzen du.

Eta, azkenik, Delicass-ek Elikagai Produktuaren Berrikuntzaren Saria jaso du, guztiz begetalak diren pateengatik. Jasangarritasuna eta osasuna lehentasunezko gaiak diren garai honetan, enpresak ohiko pateen dastamen esperientzia parekatzea lortu du, alergeno nagusirik gabeko begetal aukera batekin, eta elikagaien kalitate eta segurtasunarekiko dedikazioa berresten duten ziurtagiriekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK