• EKONOMIA
  • EEEk 80 milioi euroko inbertsioa egingo du energia berriztagarriko proiektuak garatzeko

EEEk 80 milioi euroko inbertsioa egingo du energia berriztagarriko proiektuak garatzeko

Bazkide industrialekin egingo diren proiektuak dira, eta batzuk topatu baditu ere, bazkide gehiago lortzeko erronda egiten ari da EEE

Energiaren Euskal Erakundeak 2030era arte lehentasunez jardungo duen eremuen mapa | Argazkia: EEE
Energiaren Euskal Erakundeak 2030era arte lehentasunez jardungo duen eremuen mapa | Argazkia: EEE
2026eko martxoaren 31a - 17:52

Energia berriztagarri propioa sortzeko bidean beste pauso bat eman nahi du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, 80 milioi euro inbertituko ditu bazkide industrial pribatuekin batera energia berriztagarriko proiektu horiek garatzeko.

 

Gaiari buruzko informazioa eman du gaur Mikel Jauregi Industria, Trantsizio energetiko eta Jasangarritasun sailburuak kontseilu osteko agerraldian. Proiektuok erakundeak berak 2030era bitarte lehentasunez jarduteko zenbait eremutan kokatuko dira. Eremuok EEEren hedapen antolaturako baldintzak batetzen dituzte, alegia: eguzkia edo haizea egotea; ingurumen- eta hirigintza-betebeharrak betetzea; azpiestazio elektriko batetik gehienez 15 kilometrotara izatea; eta komertzialki bideragarria izatea. Eremuok hautatzeari dagokionez, Jauregik defendatu du "eredu errealista, baina arrazionala" dela EEErena, autonomia energetikoa bultzatzeko bidean. "Ateratzen diren aukerak ateratzen dira", azpimarratu du.  

Energia fotovoltaiko edo eolikoko azpiegitu handiak izango dira, eta aurreikuspenen arabera 450 MW sortuko dituztenak. Autokontsumorako 300 MW ere gehitzea aurreikusten denez, elektrizitate sorkuntzaren ratioa bikoitza izango da. Bestela ezanda %7,9etik %15era igaroko da.

 

Aurreikuspenen arabera, proiektu horietako bakoitzean gutxi gora behera %25 jarriko du EEEk, eta %75k jatorri pribatua du. Aipatzekoa da proiektu guztiak ez direla berriak, batzuk dagoeneko martxan daudelako edo aurreikusita daudelako. Labrazako Parke Eolikoa (40 MW) eta Ekienea planta fotovoltaikoa (108 MW) dira horren adibide. 

Eremu horietako batzuetarako dagoeneko bazkideak ditu EEEk, baina Jauregik adierazitakoaren arabera, gainontzeko eremuetarako bazkideak bilatzeko lanean ari da Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusia. "Proiektuak aurkezteko deia egin nahi diet enpresei", esan du Jauregik.

EEEren mapaz harago, energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala bere bidea jarraitzen ari dela adierazi du Jauregik gaiari buruz galdetu diotenean. "Mugarriz mugarri goaz", kontatu du.