Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren autokontsumorako laguntza deialdiak “harrera historikoa” izan du. EEEren arabera, aurreikuspen guztiak gainditu ditu, bai instalazio kopuruari dagokionez, bai instalatutako potentziari dagokionez, eta hori dela eta, irailean amaitzen den laguntza programaren 80 milioi euroko aurrekontua betetzear da, 7.000 eskaera egin direlarik.
Autonomia energetikoan aurrera egin eta autokontsumoa bultzatu asmoz, Jaurlaritzak sustatuko programa 2025eko maiatzean jarri zen martxan. Gauzak horrela, autokontsumo fotovoltaikorako 5.373 eskaera jaso dira, eta orain arte igorritako ebazpenen arabera, 87,44 MW sortuko dira autokontsumorako elektrizitatea sortzeko.
Horri esker, EEEk jakinarazi du autokontsumorako potentzia %53,2 hazi dela programa hau ireki zenetik. Industrian izan du bilakaera nabarmenena: instalatutako potentzia berriaren %53,4 biltzen baitu (46,73 MW). Gainontzekoa, etxebizitza sektoreari (%23,6), zerbitzu sektoreari (%18,2) eta administrazio publikoei (%4,8) dagokie.
Autokontsumoaz gain, energia metatzea ere babesten du laguntza programak. Programa abiatu zutenetik, energia elektrikoa metatzeko 93,69 MWhko gaitasuna onartu da, eta zifra horrek hirukoiztu egin du duela urtebete instalatutako gaitasuna, 30,36 MWhkoa baitzen.
Era berean, bero-ponpetan oinarritutako energia berriztagarrien bidez (aerotermia, zundaketa bertikalen bidezko geotermia eta hidrotermia) kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza lerro bat ere badu programak, eta 1.725 eskaera jaso ditu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta