Pedro Azpiazu sailburuak gaur Onda Vasca irratian izandako elkarrizketan mezu baikorra eman nahi izan du. Onartu badu ere Ukrainako gerraren ondorioz Nazioarteko Diru Funtsak Espainiarako hazkunde aurrikuspena puntu batean okertzea garrantzitsua dela, EAE % 4tik gora sendo hazten ari dela nabarmendu du.
Testuinguru ezegonkorraren aurrean, "zuhurtziaz" jokatzea eskatu du. Adierazi du Jaurlaritzak baliabide nahikoak dituela etor litezkeen egoerei aurre egiteko. Abian jarritako ezohiko neurriak aipatu ditu, lehendakariak eta hiru ahaldun nagusiek aurezketutako 500 milioi eurokoa eta Gobernu Kontseiluak onartutako 200 milioikoa, esaterako.
Oposizioko taldeek eskatutako zerga erreformari lotuta, Azpiazuk gogorarazi du 2018an burututako erreformaren eraginaz hausnartzeko garaia dela gogorarazi du. Era berean, nabarmendu du baliabideak beharrezkoak direla Euskadik bilatzen duen "kohesio eredurako", arrakalak eta pobrezia-arriskua murrizteko, alegia. Aldiz, adierazi du ez duela aukerarik ikusten zergak jaisteko.
Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, "oso onargarria" izan daiteke Nazioarteko Diru Funtsaren gehiegizko mozkinak dituzten multinazionalei zergak igotzea politika publikoak finantzatzeko, betiere aldi baterako bada. Gogora ekarri du Ekonomia Lankindetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGA) eta Europako Batasunaren artean aspaldi lantzen ari den egitasmoa, alegia, % 15eko zerga tasa efektiboa ezartzea. Azpiazuk ez du tasa hori altuegia ikusten eta egoki deritzo.
Egungo inflazio altuari dagokionez, "kezka" azaldu du sailburuak. Kontrolatzeko zailtasuna onartu du, eta argindarraren prezioa gasarekin ez lotzearen alde agertu da inflazioa zuzentzeko. Langileen soldatak igo behar direla argi badu ere, ez du egoki ikusten inflazioaren pare igotzea, bere hitzetan, % 10eko igoera "ez delako arduratsua". Azpiko inflazioaren araberako igoera nahiago du, % 3koa. Inflazioa zuzentzeko sakrifizioa egin behar bada etorkizunean konpetsatu beharra ere adierazi du.