• EKONOMIA
  • EHNEk ohartarazi du Nafarroako laborariek 28 milioi euroko galerak izan ditzaketela zereal uztan

EHNEk ohartarazi du Nafarroako laborariek 28 milioi euroko galerak izan ditzaketela zereal uztan

Prezioak ekoizpen kostuen azpitik daudela salatu du sindikatuak. Elikagaien Katearen legea betetzea eskatu du

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 3a
Eg. 2025eko ekainaren 3a

EHNE sindikatuak ohartarazi du Nafarroako nekazariek 28 milioi euro galduko dituztela aurtengo zereal uztan. Prezioak “barregarriak” direla eta ekoizpen kostuen azpitik daudela salatu du sindikatuak, eta modu honetara, Elikagaien Katearen legea ez dela betetzen ari adierazi du.

 

Sindikatuak azaldu duenez, garagar tonaren truke 180 euro ordaintzen da eta gari tonaren truke, 200 euro. Hala ere, tona bakoitza ekoiztea 30-40 euro garestiago kostatzen zaio laborariari, izan ere, EHNEren arabera, garagarrak 210 euroko kostua du eta gariak 240 eurokoa.

Hartara, aurreikusitako 930.000 tona zereal bilduko balira, 27,9 milioi euroko balantzea negatiboa kalkulatu du sindikatuak. Sindikatuaren esanetan, arazoa ez da zereal gehiago izatearen ondorioz prezioek behera egiten dutela, baizik eta merkatuaren portaeraren atzean diren egiturazko arrazoiak, Ukrainako gerra, besteak beste. “Etengabe jo eta ke aritzen zaizkigu eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura sakratuaz, eta nola ez muga zergez. Dena den, Errusiako eta Ukrainaren arteko gatazkak gehiago kezkatzen gaitu”, azaldu du sindikatuak ohar bidez.

 

Finean, EHNEk eskatu du Elikagaien Katearen legea betetzea eta bermatzea gutxieneko prezio batzuk, nekazari bakoitzaren ekoizpen kostuen gainetik daudenak.