• EKONOMIA
  • 553,57 milioi euroko aurrekontua izango du EHUk 2025ean

553,57 milioi euroko aurrekontua izango du EHUk 2025ean

Langile gastuetara bideratuko dira 407 milioi euro

Inbertsioak egiteko 47 milioi euro izango ditu EHUk | Argazkia: EHU
Inbertsioak egiteko 47 milioi euro izango ditu EHUk | Argazkia: EHU
2025eko ekainaren 25a - 13:04

2025eko ekitaldian 553,57 milioi euroko aurrekontua izango du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), 2024an baino %4,25 gehiago. Hala erabaki da gaur EHUko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran.

 

Gastuaren partida handiena, 407 milioi euro, langileengana bideratuko da (iaz 387 milioi erabili ziren). Funtzionamendu gastuetarako erabiliko dira 92,8 milioi euro (aurrekontu osoaren %16,7, iaz baino %3,25 gehiago). Bestalde, inbertsioak egiteko 47 milioi euro izango ditu EHUk.

Inbertsio horien artean, berdin mantenduko da Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren eraikina eraikitzeko Bilboko campusa garatzeko partida: 25 milioi euro. Ekipamendu zientifikoan ere inbertituko da (iaz baino %0,4 gutxiago), baita ekipo zein sistema informatikoetara (2 milioi euro eta %5,5eko igoera) eta funts bibliografikoetara ere (4,55 milioi euro, iaz baino %10,2 gutxiago).

 

EHUk jasotako diru-sarrerak aztertuta, ikus daiteke transferentzia arruntetan igoera izan dela, 425 milioi eurotatik 453 milioi euro jasotzera pasa baita 2025ean (%6,28ko hazkundea). Hala, transferentzia arrunt horiek dira finantzaketa iturri handiena (sarrera guztien %81,87), gainerakoa tasen bitartez (%10,31) eta bestelako diru-sarreren bitartez eskuratzen baitu unibertsitateak.

Administrazioek EHUri egin dioten ekarpena ere igo egin da 2024aren aldean. Espainiako Estatuari dagokionez, 5 milioi euro handitu da ekarpena, orotara 11 milioi eurora iritsita, hots, %80tik gorako igoera izan da. Hala ere, unibertsitatearen diru-sarrera guztien %2,43 da Espainiako Estatutik jasotakoa. EAEko administrazioen ekarpena 315 milioi euro baino gehiagokoa izan da, %5,24ko igoerarekin.