EHUk eta Iparragirre Eraikuntza Lanak konpainiak bat egin dute eraikuntzaren industrializazio bizkortzeko asmoz. Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute EHU–Iparragirre Eraikuntza Industrializatuaren Bizkortze Gela abiarazteko. Azaldu dutenez, espazio berri horrek prestakuntza, ikerketa aplikatua eta ezagutzaren transferentzia uztartuko ditu.
Hitzarmena Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzeko errektoreordeak eta Ibon Iparragirre Iparragirreko finantza zuzendariak izenpetu dute. Elkarlanaren helburua izango da eraikuntzaren industrializazioa eta digitalizazioa bizkortzea, unibertsitateko ezagutza benetako proiektuetara eramanez. Horretarako, BIM metodologia, 3D modelaketa, errealitate birtuala, datuen kudeaketa aurreratua eta plangintza digitala bezalako teknologiak erabiliko dira, prozesu eraginkorragoak, zehatzagoak eta jasangarriagoak lortzeko.
Lankidetzaren baitan praktikak, prestakuntza duala, Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak, ikerketa-proiektuak, jardunaldi teknikoak, obra-bisitak eta talentua aurkitu eta erakartzera bideratutako ekintzak egingo dituzte.
Barandikak nabarmendu duenez, “aliantza honi esker, ezagutza eta ikerketa eraikuntzaren benetako erronkei erantzuteko irtenbide bihurtu ahal izango dira, eta, aldi berean, ikasleen prestakuntza eta lan-aukerak indartuko dira”.
Alexander Martín Garín Gelako zuzendariak eta EHUko TICBE ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak, bestalde, azaldu du industrializazioak teknologia, datuak eta lan egiteko modu berriak uztartzea eskatzen duela. “Lankidetza honi esker, eraikuntza-jardueran eragin zuzena izango duten irtenbideak ikertu, probatu eta praktikara eraman ahal izango dira”.
Hitzarmenak hasiera baten lau urteko iraupena izango du, eta Gelak berezko espazioa izango du EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Donostiako egoitzan. Iparragirreko finantza zuzendariak adierazi duenez, “sektorearen eraldaketa teknologiaren araberakoa da, baina, batez ere, teknologia hori erabiltzeko gai diren pertsonen araberakoa. Gela honen bidez, talentu gaztearengana gerturatu nahi dugu, benetako proiektuak eskaini eta eraikuntza gaur egun berrikuntzarako, garapen profesionalerako eta aukeretarako eremua dela erakutsi”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta