
Uda Ikastaroen 44. edizioaren aurkezpena egin dute gaur Bilbon: 152 Uda Ikastaro eta 14 workshop antolatu dituzte, ekainaren hasieratik irailaren amaierara bitartean. Hala adierazi dute aurkezpenean Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioren zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen (UIK) zuzendari akademikoak.
Eskaintza kopuruaren arabera sailkatuta, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo dira jarduera gehienak; hala ere, hirietatik haratago ere egingo dira ekimenak, hala nola: Ataunen, Auritz-Burgueten, Azkoitian, Beasainen, Elgoibarren, Gernika-Lumon, Ispasterren, Miñao Gutxian, Mutiloan, Lekeition, Lesakan, Oñatin, Zerainen eta Zubietan.
Jarduerek askotariko gaiak izango dituzte hizpide, baina azaldu dutenez, “bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko” ikastaroak. Landuko diren gainerako esparruak dira: gizartea, osasuna, hezkuntza, zuzenbidea, ekonomia eta enpresa, zientzia eta teknologia, eta, azkenik, iraunkortasuna. Zehazki, hamasei ikastaro izango dira ekonomia eta enpresei buruzkoak. Aldi berean, azpimarratu dute elkarbizitza, demokrazia eta kolektibotasun gaiak ere jorratuko direla, “bizi dugun garai geopolitikoa” dela eta.
Ikastaro gehienak aurrez aurrekoak izango dira, baina kasu askotan online parte hartzeko aukera ere eskainiko da. Zenbait ikastarotan “esperientzian oinarritutako ekimenez” gozatzeko aukera izango dela gaineratu dute. Gaur bertan ireki da matrikulatzeko epea, eta izen-emateko aukera izango da ikastaro bakoitza hasi bitartean.