• EKONOMIA
  • EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioa aurkeztu dute

EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioa aurkeztu dute

Guztira 133 ikastaro eta 29 workshop egingo dira. Ekonomia eta Enpresa zikloak zazpi ikastaroko eskaintza izango du

Laura Poderoso, Joxerramon Bengoetxea eta Idoia Otaegui gaurko aurkezpenean | Argazkia: UIK
Laura Poderoso, Joxerramon Bengoetxea eta Idoia Otaegui gaurko aurkezpenean | Argazkia: UIK
2026ko apirilaren 23a - 15:20

Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan, EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Ekainaren hasieratik irailaren amaierara bitartean, guztira 133 ikastaro eta 29 workshop programatu dituzte. Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz izango dira ikastaroen gune nagusiak, baina beste hainbat udalerritan ere egingo dira saioak: besteak beste Aramaion, Ataunen, Beasainen, Bermeon, Gernikan, Irunen, Lesakan, Oñatin, Ordizian eta Zaldibian.

 

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak egin dute ikastaroen aurkezpena. Pentsatzen duzulako gara lelopean egingo da aurtengo edizioa, eta Bengoetxeak zera nabarmendu du: “Eman ta zabal zazu leloari jarraitzen dio, gu gara zu ere bazarelako eta kolektibotasun horrek egiten gaitu handi. Indibidualismoa gailentzen ari dela diotenen aurrean, Uda Ikastaroek gutasuna azpimarratu nahi dute, pentsatuz, elkarrekin pentsatuz, hausnartuz, alegia, denon artean, bidea egiteko eta esku artean ditugun erronka handiei erantzuteko”.

Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak azaldu duenez, “aurtengo kanpainaren bidez mezu sinple baina oso esanguratsu bat" helarazi nahi izan dute: "ideiak, partekatzen direnean, ez dira galtzen, kontrakoa baizik, hazi eta eraldatu egiten dira”.

 

Programa “aberatsa” aurkeztu dute, helburu argi batekin: “gizarteko eragileak elkartu eta ezagutza mota desberdinak gurutzatzea”. Aurtengo edizioan, kultura eta artea, gizartea, osasuna, hezkuntza, zuzenbidea, ekonomia eta enpresa, zientzia eta teknologia eta iraunkortasuna izango dira ardatz nagusiak.

Ekonomia eta Enpresa zikloak zazpi ikastaroko eskaintza bilduko ditu, garapen ekonomikoaren egungo erronkei ikuspegi praktiko eta diziplina anitzetik heltzeko asmoz.

Halaber, antolatzaileek azaldu dutenez, egungo eta etorkizuneko erronkak “modu bateratuan” landuko dituzte, besteak beste, ingurumen-krisia, eraldaketa teknologikoa eta adimen artifizialaren inpaktua.