ELA sindikatuak lortu du Espainiako Estatuko ehungintza merkataritza hitzarmenean klausula berri bat txertatzea: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hitzarmenetik kanpo geratuko dira, alegia, lurraldeetako hitzarmen kolektiboak lehenetsiko dira hemendik aurrera.
Aldaketa ez da besterik gabe lortu: sektoreko langileek 20 greba egun baino gehiago egin ondoren iritsi da. Hala ere, hiru urte baino gehiagoz egin dituzte mobilizazioak, klausula berria txertatu zedin negoziatzen. Gauzak horrela, langileek lan baldintza hobeak izatea bermatuko da: esaterako, Gipuzkoan 6.856 euro gehiago kobratzen dira Estatuan baino; igande eta jaiegunetan lantegiak ixtea ere bermatzen da hala.
Sindikatutik adierazi dute lortutakoa “mugarri” bat dela “negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan” dela, lehen aldia baita Estatu mailako hitzarmen batek berariaz aitortzen duela EAEn ez dela aplikatuko eta tokian tokiko negoziazio esparruak errespetatuko direla. Horregatik, ELAk “oso balorazio positiboa” egin du, eta balioan jarri du hiru urteetan “ehungintza merkataritza sektorean egindako borroka”.