
Eustatek eta Nastatek argitaratu berri dituzten datuek EAEko ondasunen esportazioen jaitsiera eta Nafarroakoen igoera erakutsi dute 2025eko ekainean. Izan ere, urte artean %1,4ko beherakada izan da EAEn, iazko 2.770 milioi euroen aldean 2.732 milioi eurokoa izan baita zenbatekoa. Nafarroako esportazioen gorakada %4,9koa izan da, 872,4 milioi euroko balioarekin.
EAEren kasuan, ondasun energetikoen esportazioak bereziki murriztu dira, hots, %59,8; aldiz, %2,5 handitu dira ondasun ez-energetikoen esportazioak. Lurraldeka, esportazioak igo egin dira Gipuzkoan (%16,6) eta Araban (%8,7), baina jaitsi Bizkaian (%22,6).
Inportazioei dagokienez, 2025eko ekainean %1,3 igoera izan da EAEn, 2.296 milioi eurora iritsita. Eustaten datuek zehaztu dute EAEko inportazio energetikoek jaitsiera izan dutela (%16,1), baina ez-energetikoek, ordea, igoera (%6,4). Lurraldeka, Araban igo dira soilik inportazioak (%8,8); izan ere, bai Gipuzkoan eta bai Bizkaian %1,3ko beherakada izan da. Nafarroari dagokionez, iaz baino %5,2 gutxiago inportatu da, 565,1 milioi euroko balioa izan baitute inportazioek
Inportazioen eta esportazioen zenbatekoak kontuan izanik, 2025eko ekaineko merkataritza saldoa (esportazioen eta inportazioen arteko aldea) positiboa izan da Hego Euskal Herrian: 436 milioi eurokoa EAEn eta 307,4 milioi eurokoa Nafarroan. Estaldura-tasa (esportazioen eta inportazioen arteko zatidura) %154,4koa izan da Nafarroan eta %119koa EAEn.