
Industria sektoreari bideratutako komunitate energetikoei buruzko jardunaldiak antolatu ditu EKB Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak Araban. Topaketek helburu izango dute Aiarako zein Añanako enpresei komunitate energetikoei buruzko informazioa helaraztea, eta, hala, trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa sustatzeko zein bideragarriak diren ezagutaraztea.
EKB Arabak erantzuna ematen die udalek, kuadrillek zein ETEek egindako askotariko gaiei buruzko kontsultei: komunitate energia martxan jartzea, komunitateen gobernantza, finantzaketa eta laguntzak… eguzki teknologia fotovoltaikoari buruzko informazioa ere eskaintzen die.
Lehen jardunaldia irailaren 10ean izango da, Laudioko Arraño aretoan, goizeko 10:00etan; bigarrena Añanako enpresentzat izango da eta linean egingo da, irailaren 24an, hori ere goizeko 10:00etan. Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak adierazi du topaketak baliagarriak izango direla enpresen lehiakortasuna hobetzeko, baita industrialdeetan tokiko energiaren sorkuntza elkarlanean kudeatzeko ere. Komunitate energetiko bat sortu nahi dutenak gero eta talde gehiago dira, eta hain zuzen talde horientzako dago eskuragarri EKBren aholkularitza zerbitzua, lagungarria baita iturri berriztagarriei esker energia propioa sortzeko helburu duten proiektuak abiarazteko.
Jada 38 jardunaldi baina gehiago antolatu ditu EKB Arabak, eta beste bi ekitaldi ere aurreikusi dira irailerako: hilaren 10ean, “Komunitate energetikoek egin ditzaketen ekintzak” izeneko tailerra egingo da Arrañoko Kultura Etxean (Laudio), 18:30ean; “Komunitate energetikoaren mahai ingurua” jardunaldia Aiarako Udaletxean egingo da, irailaren 18an, 18:00etan.