
Donostia Sustapenak iragarri berri du 2,06 milioi euro bideratuko dituela ekintzailetza eta tokiko enpresak sustatzeko zuzeneko dirulaguntzetara. Horrez gain, laguntza sorta berria ere abiatuko du gastronomia, merkataritza eta ostalaritza bezalako “sektore tradizionalak” bultzatzeko asmoz. Berrikuntza horiek guztiak 2025 Berrikuntza Planaren ondorio dira.
2,06 milioi euroak bi ildo nagusitan banatuko dira. Lehenik, 735.000 euro erabiliko dira ekintzailetza sustatzeko, eta, besteak beste, start-upak laguntzeko Ekinn+ programarako erabiliko dira 375.000 euro (25.000 euro ekintzaile bakoitzeko). Ekinn+ egitasmoak urte gutxi dituzten enpresei aholkularitza eta laguntza-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die hamar hilabetez. Bestalde, Ekinn+ Gastroren hirugarren ediziorako erabiliko dira 60.000 euro; helburua gastronomiaren sektoreko talentua laguntzea da. Azkenik, gainerako 300.000 euroak enpresak sortzeko laguntzera bideratuko dira.
Bigarren ildo nagusia, zeinari 1.330.000 euro esleitu zaizkion, Donostia “zientziaren hiri eta berrikuntza-plataforma gisa bultzatzeari” dagokio. Xedea da ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako ekimenak sustatzea, zenbait programaren bitartez. Horietako bi dira Ekinn Talent laguntza (450.000 euroko zuzkidura) eta Estrategia laguntzak (300.000 euroko zuzkidura). Hiriko zentro teknologikoekin (Tecnalia, CEIT, Tecnun, Vicomtech, Biogipuzkoa, CIC Biomagune eta CICnanoGune) konexioak sustatzeko 15.000 euro arteko bonu teknologikoak eskainiko dira, 100.000 euroko zuzkidurarekin, eta aisia, turismoa, eraginkortasuna, jasangarritasuna zein ekonomia zirkularra indartzeko dirulaguntzak ere izango dira.
Informazio guztia eskuragarri dago Donostia Sustapenaren webgunean.