• EKONOMIA
  • Ekintzailetzan, talentuan eta jaiotze-tasan arreta handiagoa jarri behar dela dio Zedarriakek

Ekintzailetzan, talentuan eta jaiotze-tasan arreta handiagoa jarri behar dela dio Zedarriakek

Elkartearen arabera, euskal enpresak produktiboagoak eta tamainaz handiagoak izan behar dute gaur egungo erronkei aurre egiteko

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko uztailaren 16a - 15:21

Zedarriak elkartearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa handiagoak behar dira datozen hamarkadetako erronka sozialei aurre egin ahal izateko. Hainbat enpresaburuk osatutako taldeak uste du, enpresen tamaina handitzeaz gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako konpainiak produktiboagoak eta nazioarteko izaera handiagokoak izan behar dutela gizarteko ongizatea mantendu eta lehiakorrago izateko.

 

Gaur, Erronka eta Eraldaketarako Aukera Handien Urteko Behatokia izeneko txostena aurkeztu du Zedarriakek, zeinak 2040ra begira, EAEk izango dituen 12 erronka aztertu dituen. Erronka nagusien artean dira ekintzailetza kultura indartzea edota nazioarteko talentua erakartzea. Era berean, elkarteak uste du jaiotza-tasaren beherakadari aurre egiteko ez dela aurrerapen handirik egin, eta arreta gehiago jarri behar zaiola aferari.

"Euskadik epe luzerako ikuspegiarekin eta jarduteko gaitasun irmoarekin heldu behar dio hamarkada honi. Eraldaketa ez da posible izango instituzioen, enpresen, unibertsitateen, gizarte-erakundeen eta herritarren arteko aliantza estrategikorik gabe”, dio txostenak.

 

Guillermo Dorronsoro elkarteko kideak zera adierazi du gaurko aurkezpenean: "Pentsatzen dugu Euskadin gauzak ondo egiten ari garela alderdi askotan, pentsatzen dugu martxan dagoen herrialde bat garela. Jakina, gauzak hobeto joan daitezke, baina garrantzitsuena ilusioz eta motibazioz betetako zerumuga bat izatea da. Nahi dugun herrialde baterantz goaz".

Zedarriak elkartearen ustez, Europan zientzia, teknologia eta berrikuntza aurreratua modu esanguratsuan ari dira garatzen, eta EAEn “ospe handiko zentro teknologikoak, ikerkuntzako unibertsitate aktiboak eta laguntza-politiken sare sendoa ditugu".

Txostenaren arabera, jasangarritasun ekonomiko eta sozialeko lidergoak norabide egokian egindako ekimenak ere baditu EAEk , "Euskadi Green Deal, 2030 Agenda, ekonomia zirkularra edo trantsizio energetikoa bezalako estrategia garrantzitsuekin".

Bestalde, erronka "erabakigarriei" dagokienez, sektore pribatuaren dimentsioak, lehiakortasunak eta produktibitateak "erritmo eskasean" egiten du aurrera, "enpresa gehienek txikiak izaten jarraitzen dutelako eta askok eskala-hesiei, sektore-zatiketari eta lankidetza txikiari aurre egiten dietelako".

Talentu falta ere nabarmendu du Dorronsorok: "Pertsona kualifikatuak falta zaizkigu. Enpresa batzuk ezin dute handitu jendea falta zaielako".

Adimen artifizialari dagokionez, "sektore guztietan eragina duen zeharkako teknologia" dela uste du elkarteak, baina erritmo txikiagoan egiten duela aurrera, "ez dagoelako AAren euskal estrategia integralik".