Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek Auspoa izeneko egitasmoa abiatu dute. Lurraldeko ekoizle gazteen jarduera indartzea izango du helburu, eta horretarako 10 ekoizlek diagnostiko eta mentoretza pertsonalizatuko plan indibidualizatu batean parte hartu ahal izango dute.
Bi erakunde antolatzaileek azaldu dutenez, programa aitzindaria izango da Auspoa. Lehen sektoreko belaunaldi berriei laguntza eskaini nahi diete, haien proiektu propioak hazi eta sendotu daitezen.
Gauzak horrela, deialdi publiko baten bidez, berrikuntzagatik, jasangarritasunagatik edo inpaktu potentzialagatik nabarmendu daitezkeen nekazaritzako elikagaien egitasmoak dituzten hamar gazte hautatuko dituzte.
Proiektu bakoitzari “hiru esparru estrategikotan” lagunduko diote: markaren komunikazioa eta posizionamendua; produktuaren bikaintasuna eta kalitatea edo berrikuntza eta garapena.
“Ekoizle gazteei laguntzea euskal gastronomiaren etorkizunaren alde egitea eta hura indartzea da. Auspoaren bidez, tresnak, sarea eta ikusgarritasuna eskaini nahi dizkiegu, haien proiektuak lurraldetik haz daitezen eta ekosistema gastronomikoaren barruan aukera berriekin konekta daitezen”, adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak.
Bestalde, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak esan du, "funtsezkoa” dela ekoizle gazteei laguntzea lehen sektore “indartsu, jasangarri eta gure lurraldearekin konektatua” dagoena bermatzeko. "Programa honen bidez, produktuaren eta lurraldearen arteko harremana indartu nahi dugu, euskal gastronomia jasangarria izan eta etorkizunera begira proiektatu dadin, horretarako lehen sektoreko belaunaldi berriak gastronomiaren sektoreko erreferente bihurtuko dituen lankidetza ekosistema bat eraikitzen lagunduz", azaldu du.