Ekonomia ere bada indarkeria matxistaren tresna

Espainiako emakumeen % 12 inguruk eta Frantziakoen % 20 inguruk adierazi du halako indarkeria pairatu izana gizonezko bikotekideengandik. Indarkeria mota horretan jarri du fokoa Ana Maria Ferrer García magistratuak Euskal Herriko udako ikastaroetako batean eginiko hitzaldian

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Indarkeria matxistak askotariko formak hartu ohi ditu. Forma ugari, gainera, 'ezkutukotzat' jo ohi dira. Horietako bat izaten da indarkeria ekonomikoa, nagusiki bikote harremanetan. “Gizonezkoek emakumea menperatzeko erabiltzen duten alderdi bat da. Zehazki, bikotearenak diren funtsak emakumeek nola erabiltzen dituen kontrolatzea da. Hala, emakumearen eta, kasua bada, seme-alaben mantenurako eta autonomia ekonomikorako aukerak gutxitzen ditu”, azaldu dio Ana Maria Ferrer García Espainiako Auzitegi Goreneko zigor arloko bigarren salako magistratuak EnpresaBIDEAri.

Magistratuak horri buruzko hitzaldia eskaini zuen atzo Donostian, Ezkutuko indarkeria: indarkeria ekonomikoa, bikarioa eta errealitate soziala udako ikastaroaren testuinguruan. Kriminologiaren Euskal Institutuak antolatuta, gaur bukatuko den ikastaroak bilatzen du zuzenbidearen ikuspuntutik emakumeen kontrako indarkeria “modu transbertsalean” aztertu eta horri buruzko hausnarketa plazaratzea. Zentzu horretan, Ferrerrek indarkeria ekonomikoari buruzko definizioa partekatzeaz gain, Espainiako egoerari lotutako zenbait datu eman eta zigor zuzenbidearen ikuspuntutik egin dena eta egoteko dagoenaz hausnartu zuen.

Kontrola, ustiapena eta lan sabotajea

Indarkeria ekonomiko kontzeptua Istanbulgo Hitzarmenean jaso zen lehen aldiz, Emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeria aurreikusi eta aurre egiteko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean, alegia. Aipaturiko hitzarmena 2011an aurkeztu eta 2014an sartu zen indarrean, eta tartean Espainiako zein Frantziako estatuek bat egin zuten horrekin.

Hiru mota bereizten ditu magistratuak: kontrol indarkeria, ustiapen indarkeria eta lan sabotajea. “Lehenengoan, etxeko diruaren kontrola egiten du gizonak, tiketak kontrolatu, gastuei mugak jarri eta abar. Bigarrenean, emakumea ustiapen ekonomikotik at geratzen da, eta askotan emakumearenak soilik diren ondasunak aprobetxatzen ditu gizonak. Hirugarrenean, helburua da emakumeak etxetik kanpo lan ez egitea, izan gizonak konbentzituta, izan hark inposatuta. Azken honek bereziki asko eragiten du gizonarekiko menpekotasunean”, adierazi du Ferrerrek.

Indarkeria ekonomikoan hiru mota bereizten dira: kontrol indarkeria, ustiapen indarkeria eta lan sabotajea

Indarkeria mota hau datuetan jasotzea zaila da. “Askotan, 'normaltzat' jo izan diren jarrerak izan dira, eta zenbaitetan ez diegu behar bezalako garrantzia ematen. Gainera, biktimek hori pairatu dutela esatea da hori kontabilizatzeko modu bakarra zenbaitetan”, adierazi du magistratuak. Espainia mailan, emakumeen kontrako indarkeria neurtzeko makroinkestan, ekonomiari lotutako hiru alderdi galdetzen dira: emakumeak etxeko gastuak nola gauzatzen dituen kontrolatu ote duen bikotekideak; bikotekideak emakumearenak ondasunak propiotzat jo dituen, eta emakumearen izenean zorpetu den; eta ea bikotekidea saiatu den emakumea nolabait konbentzitzen edo hari inposatzen etxetik kanpo lan ez egitea. Azkeneko inkesta 2019an argitaratu zen —lau urtean behin egiten da—, eta Espainian bizi diren 16 urtetik gorako 9.568 emakumeko laginak erantzun zuen: % 11,5k adierazi zuen halako esperientziaren bat sufritu izana. Estrapolatuta, Espainian bizi diren 16 urtetik gorako emakume guztien % 12az arituko ginateke gutxi gora behera. Frantzian, bestalde, 2021ean indarkeria matxista salatzeko telefonora deitu zuten emakumeen % 20k salatu zuten indarkeria ekonomikoa. Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herri mailako datuak bilatzen saiatu da EnpresaBIDEA, baina ez ditu topatu.

Ana MAría Ferrer

Ana María Ferrer García, atzo emandako hitzaldian | Argazkia: UIK

Aldatzeko beharra

Bere espezialitatea zigor kodea izanik, Espainiakoan jasotzen denaz eta jasotzen ez denaz hausnartu du Ferrerrek hitzaldian. Dioenez, “egun ezin dugu izan emakumeak guztiz babesgabeak direla indarkeria ekonomikoari dagokionez zigor zuzenbidearen ikuspuntutik”. Zehazki, kontrol eta ustiapen indarkeria erregulatu dezaketen artikuluak ditu. “Demagun gizonak pentsioa ordaindu behar diola emakumeari, sententzia baten jasotakoaren arabera edo dibortzio batean hala adostuta. Aldiz, ez dio ordaintzen edo beti berandu ordaintzen dio, horrek sortzen duen ezinegonarekin. Sarritan, halako jarrerekin bilatzen dute emakumeen menpekotasunari eustea, eta hori nolabait indarkeria psikologikoa ere bada. Modalitate hori jasota dago kode penalean, 227 artikuluan, pentsioen ordainketa ezari lotutakoa”, azaldu du magistratuak adibide gisa.

“Dena den, uste dut erregulazio horretan beharrezkoa litzatekeela zenbait aldaketa egitea, egungo espazioa osatzeko”, gaineratu du. Horren adibidea da zigor kodeko 268 artikulua. Absolbitzeko desenkusa jasotzen du oraindik ere elkarrekin dauden bikoteez ari garenean, betiere larderiazko ustiapena edo lapurreta izan ez badira. “Uste dut beharrezkoa litzatekeela salbuespena egitea emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean. Are gehiago, astungarria izan beharko luke”.

Ana María Ferrer García: “Dena den, uste dut erregulazio horretan beharrezkoa litzatekeela zenbait aldaketa egitea, egungo espazioa osatzeko”

Beste adibide bat da ahaidetasunaren interpretazioari dagokiona. “Egoeraren eta interpretazioaren arabera, astungarria edo aringarria izan daiteke. Tradizionalki, segurtasunaren kontrakoa izan diren delituetan, ahaidetasuna astungarria izan ohi da. Baina aldi berean, delitu ekonomikoetan interpretatu da aringarria izan beharko zukeela, betiere lapurreta eta larderia ez badago. Uste dut irizpide hori aldatu beharko litzatekeela”, esan du.

Horrekin batera, lan sabotajea zigor kodean sartzeko zailtasunak aipatzen ditu: “Zenbaitetan zaila da neurtzea emakumeak lana uztera presionatuta sentitu diren edo boluntarioki erabaki duten neurtzea, gizartean zabalduta izan baita. Ez dakit nola tipifikatu dezakegun lan sabotajea, larderia kasu argia ez bada. Edozein kasutan, kontuan hartu beharreko alderdi bat da zalantza gabe, menpekotasuna handitu egiten duelako. Era berean, egun dagoen lan arrakala areagotzen du horrek”, adierazi du.

Edozein kasutan, zigor kodea “azkeneko errekurtsoa” dela mahai gaineratu du magistratuak. “Gu azkeneko eskala gara, eta kondenak jartzeko gaude. Baina horren aurretik lan handia egin behar da, eta prebentziozko lana egitea ezinbestekoa da. Hezkuntzatik hasi behar da. Zigor kodeak ezin ditu hezkuntza arazoak konpondu”, nabarmendu du. Besteak beste, horretan gazteen paperaren garrantzia azpimarratu du. Bere kezka nagusia dira lan egiteari utzi eta etxeko lanetara mugatzea erabakitzen duten emakumeak. “Horrek euren garapen profesionala mugatu eta menpekotasunera eraman ditzake", adierazi du. Bestalde, berdintasunaren bidean, derrigorrezko aitatasun baja “sekulako aurrerapausotzat” jo du. “Benetako ardura partekatua ez dagoen bitartean, enplegu arrakala izango da beti”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK