• EKONOMIA
  • Ekonomia Itunaren aldaketak txertatzeko prozesua amaitu da

Ekonomia Itunaren aldaketak txertatzeko prozesua amaitu da

Azken egokitzapen prozesuak erakutsi du Ekonomia Itunak gaitasuna duela ordenamenduaren etengabeko aldaketetara moldatzeko, bai barne-esparru nazionalean, bai nazioarteko esparruan

Gipuzkoa bihurtu da lege berriaren aldaketak aplikatu dituen lehen lurraldea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoa bihurtu da lege berriaren aldaketak aplikatu dituen lehen lurraldea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
sergio del rey
Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiko ikerlaria (UPV/EHU)
2026eko otsailaren 18a - 05:30

Ekonomia Itunaren azkeneko aldaketa apirilean gauzatu zen 3/2025 Legearen bidez. Aldaketa hori Euskal Herriko hiru lurralde historikoetan txertatzeko prozesuak aukera bat ematen du instituzio horren aldaketa-prozesua praktikara hurbiltzeko, baita haren printzipio eratzaileak islatzeko ere, egindako aldaketen azterketa baztertu gabe.

 

Ekonomia Ituna erakunde bizia dela esateak ez du inolako berritasunik, Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoan txertatuta baitago. Hortik ondorioztatzen da zerga-arloko araubideak izaten dituen aldaketen aurrean Itunak daukan eguneratzeko beharra. Errealitate hori legegileak aurreikusi zuen. Horren ondorioz, Ekonomia Itunaren 12/2002 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren bidez arautzen da hura aldatzeko prozedura, zeina Ekonomia Itunaren Legea onartzeko prozedura bera den.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Xedapen horretan oinarrituta, bi helburuetarako —onarpena eta aldaketa— beharrezkoa da Batzorde Mistoan aurretiazko akordio bat lortzea[1]. Akordio hori itxi ezean, geroko lege batek konstituzio-kontrakotasuna izan lezake Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarria urratzeagatik, honek lurralde foralen eskubide historikoen babesa eta errespetua bermatzen baititu.

 

Akordioa itxi ostean, Espainiako Gorte Nagusietan onartzera pasatzen da irakurketa bakarreko prozedura berezi baten bidez, artikulu bakarreko lege bat bezala. Ezaugarri horrek izaera itunduaren printzipioa indartzen du, izapideak legebiltzar-ganberen baitan zuzenketa partzialak aurkezteko egokiera galarazten dituelako; izan ere, testuan moldaketa partzialak adosteko abagunea Batzordearen akordioaren aurreko fasera soilik mugatzen da. Gauzak horrela, akordioaren edukiak beharrezko gehiengoa batu ezean, premiazkoa izango litzateke hura Batzorde Mistora itzultzea akordioaren edukia eraldatzeko.

Ekonomia Ituna erakunde bizia dela esateak ez du inolako berritasunik, Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoan txertatuta baitago

Parlamentuko izapidea gainditu ondoren, Ekonomia Ituna aldatzen duen lege batekin egingo genuke topo, 3/2025 Legearekin. Hala eta guztiz ere, oraindik beharrezkoa izango litzateke lurralde historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek euren araudian txertatzea.

Azken fase hori modu deszentralizatuan egingo da; hau da, Lurralde Historiko bakoitzak bere erakunde foraletan, hots, Foru Aldundian eta ondoren Batzar Nagusietan, onartuko ditu behar diren zerga-foru arauak, bere ordenamendua lege berriak aurreikusitako aldaketetara egokitzeko.

Horrela, aztertzen ari garen kasuan, azaroan bi foru arau onartuta, Gipuzkoa bihurtu da lege berriaren aldaketak aplikatzeko lehenengo lurraldea; ondoren, Bizkaiaren txanda izan da abenduan, eta, azkenik, Arabak urtarrilean berretsi du hilabete lehenago promulgatutako Presazko Zerga Dekretu Arauemailea.

Lege berriak ezarritako aldaketek, oro har, autogobernu handiagoa eskaintzen dute zerga-arloan, eta hori hainbat alderditan islatzen da. Alde batetik, Ekonomia Ituna 7/2024 estatuko Legera egokitu da. Hori eginez, hiru zerga berri itundu dira: zigarro elektronikoen likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga, zenbait finantza-erakunderen interes-marjinaren gaineko zerga eta gutxieneko zerga-maila bermatzeko zerga osagarria, tamaina handiko enpresa nazionalentzat edo multinazionalentzat[2].

Bestetik, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga araudi autonomoko zerga itundua bihurtzen da; horrek mugarri bat suposatzen du, autonomia handiagoa eskaintzen duelako euskal foru erakundeentzat zerga horren araudia garatu ahal izateko. Antzeko zerbait gertatzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) zenbait alderdi formalekin, nahiz eta zerga hori araudi erkideko zerga itundu gisa mantendu.

Halaber, aipatzekoa da BEZa inportazioetan ordaintzeko atzerapenaren berrikuntza. Horrek aspalditik kritikatu den egoera bati irtenbidea ematen dio; 2015etik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa zenbait inportazioen BEZa aduanan aurrez ordaintzera behartuta zeuden lurralde bakarrak ziren; Espainiako beste autonomia-erkidegoetan, ordea, zerga gerora likidatzea baimentzen zen, eta horrek aukera ematen zuen jasanarazitako BEZarekin konpentsatzeko.

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga araudi autonomoko zerga itundua bihurtzen da; horrek mugarri bat suposatzen du, autonomia handiagoa eskaintzen duelako euskal foru erakundeentzat zerga horren araudia garatu ahal izateko

Azkenik, lege berriak eragiketa-bolumenaren muga aldatu du zenbait zergetan, 10 milioi eurotik 12 milioira igo baita. Muga hori BEZaren eta Joko Jardueren gaineko Zergaren ordainarazpen eta ikuskapen eskumenak zehazteko irizpide bat da, gainera, Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, eskumen horietaz gain, aplikatzekoa den araudiari eragiten dio. Horrenbestez, mugaren igoerak euskal erakundeen eskuduntzen arloa zabaltzea ekarri du, oraingo muga berriarekin eskumen horien ezagutza-maila zabaldu delako.

Aipatutako aldaketak aplikatuta, euskal lurralde historikoek amaitutzat ematen dute azaldu den egokitzapen-prozesua, beren araudia zerga-ordenamenduaren aldaketetara egokituta. Horrek erakusten du Ekonomia Itunak gaitasuna duela ordenamenduaren etengabeko aldaketetara moldatzeko, bai barne-esparru nazionalean, bai nazioarteko esparruan. Haren malgutasuna, beraz, erakunde horren funtsezko ezaugarritzat hartu beharko litzateke; izan ere, horri esker posible izan da XIX. mendean errotu zen sistema bat gaur egunera arte bizirik mantentzea —izandako moldaketa prozesuak alboratu gabe— euskal autogobernuaren giltzarri nagusietako bat bihurtu dena.

[1] Batzorde horrek instituzio fiskalaren izaera itundua islatzen du, izaera hori Itunaren printzipioetako bat baita. Batzordea hamabi kidek osatzen dute; sei Estatuko Administraziokoak dira eta gainerako seietatik, hiruk Eusko Jaurlaritza ordezkatzen dute eta beste hiru Euskal Lurralde Historiko bakoitzeko ordezkariak dira.

[2] Azken hori OCDE-ko “Pilar II” egitasmoarekin hasi zen, ondoren, Europar Batasunak 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren bidez arautu zuen eta, amaitzeko, Zuzentaraua gure ordenamendu juridikora ekarri zen 7/2024 espainiar legearen bidez.