
Gizarte Ekonomiako euskal ikertzaileen topaketa antolatu dute elkarlanean Gezkik eta UEUk, datorren asteartean (ekainak 17), Eibarreko UEUren egoitzan.
Eguna jardunaldiaren aurkezpenarekin hasiko da, Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariaren eta antolatzaileen eskutik. Jarraian, hitzaldi laburrak eskainiko dituzte zenbait erakundeetako ikertzaile hauek: Emile Durkheim zentroko Xabier Itçaink, Mondragon Unibertsitatearen Lanki ikerkuntza zentroko Igor Ortegak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iratxe Legarrak, EHUren Gezki taldeko Itziar Villafrañezek eta Deustuko Unibertsitateko Josune Lopezek.
Jarraian, beste hainbat erakunde kooperatiboren txanda izango da (Goiener, Hiritik at, Farapi eta Zabalduz kooperatibena), hitzaldi laburren bitartez sektorearen ikuspegiaz eztabaidatzeko.
Kafetxorako tartea hartu ondoren, bertaratutako erakunde eta ordezkariek posterrak erakutsiko dituzte, orotariko gaiei buruz: eko-berrikuntza kooperatibetan, kirola eta ekonomia soziala, Gizarte Ekonomiaren eragina EAEn, generoa eta ekonomia soziala, etab.
Amaitzeko, lau espazio bananduz azpitaldeak egingo dira, helburu izanik ardatz ezberdinen gainean mintegiak egitea. Azaldu dutenez, tokiko garapen komunitarioa, feminismoa, energia komunitateak, hirigintza eta ikuspegi juridikoa landuko dira. Egunari amaiera emateko talde-bazkaria ere antolatu dute.