• EKONOMIA
  • Ekonomia zirkularraren arloko lau proiektu finantzatuko dira Nafarroan

Ekonomia zirkularraren arloko lau proiektu finantzatuko dira Nafarroan

European Circular Innovation Valley ekimenak 4,83 milioi euroko finantzaketa eman die Nafarroako erakundeek gidatutako proiektuei

Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua
2026ko irailaren 28a - 16:37

Nafarroako Gobernuak eta Sodenak elkarrekin gidatzen duten European Circular Innovation Valley (ECIV) ekimenaren baitan, ekonomia zirkularra bultzatzeko helburua duten lau proiektu hautatu dira, haiek finantzatu eta gauzatzeko. Proiektu guztiak Nafarroako erakundeek koordinatuko dituzte, nahiz eta Europako beste eskualde batzuetako bazkideekin garatuko diren. Lehen deialdia aurrera eramateko 9,13 miloi euroko aurrekontua izan du deialdiak; orotara 117 erakundek hartu dute parte eta 21 proposamen aurkeztu dira, horietatik 13 Nafarroako erakundeek aurkeztu dituztelarik. Datuei erreferentzia eginez, Mikel Irujo Industria kontseilariak adierazi du deialdiak Nafarroako erakundeek Europako bazkideekin proiektuak eta aliantzak osatzeko duten gaitasuna erakutsi duela.

 

Guztira, 6 milioi euroko aurrekontua beharko dute aukeratutako lau proiektuek, eta horretarako 4,83 milioi euroko finantzaketa jasoko dute, alegia, deialdirako eskuragarri dagoen aurrekontuaren %53. Finantzaketa horren erdia (2,48 milioi euro) Nafarroako erakunde parte-hartzaileei dagokie. 

Finantzatutako proiektuek ekonomia zirkularreko hainbat arlo landuko dituzte. C2Biotics proiektuak, esaterako, elikagaien ekoizpenean sortzen diren hondakin eta azpiproduktuak aprobetxatzea du helburu, horietatik osagai berriak lortu eta osasunerako onuragarriak izan daitezkeen elikagaietan erabiltzeko; Hydrostarch proiektuak elikagaien ekoizpenean erabiltzen den ura berrerabiltzeko eta prozesuan galtzen den almidoia berreskuratzeko irtenbideak garatuko ditu; Sabor-ek elikagaien ontzien trazabilitatea eta birziklapena landuko ditu; eta azkenik, Revalue proiektuak gailu elektriko eta elektronikoen zein plastikoen berrabilera, konponketa eta balorizazioa sustatzeko eredu bat garatuko du. Kasuak kasu, Frantziako, Herbehereetako, Suediako zein Eskoziako bazkideak izango dituzte.

 

Proiektuak bi urte eta erdiko epean gauzatu beharko dira, deialdia 2028ko abenduan amaitzea aurreikusi baitute. Denbora hori izango dute erakundeek haien soluzioak garatu, balioztatu eta merkatuan txertatzeko. Era berean, ECIV jada ari da bigarren deialdia prestatzen, 10 milioi euroko aurrekontuarekin, zeina azaroan irekitzea aurreikusten den. “Ekonomia zirkularra aukera bat da lehiatzeko abantaila berriak sortzeko, teknologia berriak bultzatzeko eta negozio aukerak irekitzeko hainbat arlotan, hala nola nekazaritzako elikagaien baliabideetan, uretan, ontzi jasangarrietan edo materialen eta hondakinen balorizazioan”, nabarmendu du aurkezpenean kontseilariak.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain