• EKONOMIA
  • Finantza Iraunkorrak izenburupean, Ekonomiaz aldizkariaren azken alea aurkeztu da gaur

Finantza Iraunkorrak izenburupean, Ekonomiaz aldizkariaren azken alea aurkeztu da gaur

Ekonomia eta klima uztartu dira Ibon Galarragak koordinatu duen azken alean

1985. urtean sortu zen Ekonomiaz aldizkaria | Argazkia: Irekia
1985. urtean sortu zen Ekonomiaz aldizkaria | Argazkia: Irekia
2025eko ekainaren 12a - 13:14

Finantza iraunkorrak izenburupean, Ekonomiaz aldizkariaren 106. monografikoa aurkeztu dute gaur Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako sailburuordeak eta Ibon Galarraga Gallastegui ingurumenaren ekonomian doktoreak. Aldizkariaren azken zenbakia Galarragak berak koordinatu du, eta orotariko gaiak landu dira: klimaren finantzak eta helburu kolektibo kuantifikatu berria, finantza-jasangarrietarako taxonomiak Europan eta Latinoamerikan, banku zentralek Parisko Akordioaren helburuei egiten dieten ekarpena, baita klima aldaketari lotutako galerak ere. Biodibertsitaterako funtsen mobilizazioa eta lankidetza publiko-pribatuek finantzaketa berdean duten zeregina ere landu dira azken alean.

 

Ekonomiaz aldizkari akademikoa 1985. urtean argitaratu zen lehenik, eta urteetan zehar jorratu ditu EAEko ekonomiarentzat garrantzitsuak izan diren gaiak.106. monografikoan, arestian esan bezala, ekonomia eta jasangarritasuna uztartu dira, hazkunde ekonomikoa ingurumen iraunkortasunarekin, gizarte ekitatearekin eta gobernantza “onarekin” lerrokatzeko beharraz hitz egin baita.

Ruizek aurkezpenean gogorarazi du muturreko fenomeno klimatikoak gero eta ohikoagoak direla, eta gaineratu du finantza jasangarrien garapena funtsezkoa dela “epe luzera bideragarria izango den ekonomia baterantz bideratzeko”. “Hazten den ekonomia dugu helburu, baina baita erantzukizunezkoa ere, aberastasuna birbanatuko duena eta gizarte kohesioa sustatuko duena”, gaineratu du.

 

Bide batez, Finantza Jasangarriei buruzko Liburu Berdea ere izan du hizpide sailburuordeak, proposatzen dituen hiru ekintza ildoak aipatuz: “finantza sektorearen eta enpresa sektorearen egokitzapena sustatzea, aurrezkia eta inbertsioa jasangarritasunerantz bideratzea, eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzea Finantza Iraunkorren Kontseilua sortuta”.

EHUren udako ikastaroen baitan aurkeztu da Ekonomiaz aldizkariko azken alea, Finantza jasangarriak: bidezko trantsiziorako gakoak izeneko jardunaldian. Iñaki Ruiz eta Ibon Galarragaz gain, Elisa Sainz de Murieta Zugadi (EHU eta BC3), Kepa Solaun (Global Factor) eta Jorge Fernández Gómez (Orkestra) ere izan dira, zeintzuek beraien hitzaldi eta gai propioak jorratu dituzten. “Eztabaida: Erronkak eta desafioak finantza jasangarrietan” mahai ingurua ere izan da: Ibon Galarragak egin ditu moderatzaile lanak, eta Sainz de Murietak, Fernández Gómezek eta Itziar Patiñok (Orkestra) parte hartu dute.