• EKONOMIA
  • ELAk eta LABek Mikel Torresekin bildu nahi dute, gutxieneko soldatari buruz eztabaidatzeko

ELAk eta LABek Mikel Torresekin bildu nahi dute, gutxieneko soldatari buruz eztabaidatzeko

Sindikatuen aburuz ezinbestekoa da Jaurlaritzak “konpromiso irmoa” izatea gutxieneko soldataren alde

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko uztailaren 17a - 12:29
Eg. 2026ko uztailaren 17a - 14:33

ELAk eta LABek bilera bat egitea eskatu diote Mikel Torres lehendakariorde eta Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari. Bi sindikatuek iragarri dutenez, martxoaren 17ko Greba Orokorraren ostean, lanean ari dira Espainiako hainbat sindikaturekin batera Diputatuen Kongresuan gutxieneko soldata propio bat onar dadin.

 

Sindikatuen iritziz ezinbestekoa da Jaurlaritzaren “konpromiso irmoa” gutxieneko soldataren alde eta “berau lortzea gehien oztopatzen duen patronalari aurre egiteko”. Hori dela eta, Torresekin bildu nahi dute 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromisoak eskatzeko.

ELAk ohar bidez gogorarazi du Mikel Torresek ez zuela greba orokorra deitu zuten sindikatuekin bildu nahi izan grebaren aurretik. “Elkarrizketarako deiak egin zituen arren, lehendakariordea izan zen hitzari bidea itxi ziona. Era berean, greba orokorra igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du gutxieneko soldatari buruz berriz hitz egin nahi izan. ELAren eta LABen iritziz oso larria litzateke EAEko bi sindikatu nagusien aldarriak soilik greba orokor baten testuinguruan izatea hizketagai. Eusko Jaurlaritzaren jarrera autoritarioa ez litzateke ulergarria izango, are gutxiago berriro ere bilera ukatzea”, dio sindikatuak.

 

Sindikatu abertzaleek aldarrikatu dute ez diotela uko egingo 1.500 eurotako gutxieneko soldataren aldeko jarrerari. “Pobrezia hazten ari den testuinguru honetan, Hego Euskal Herriko langileen nahiari erantzuteaz gain, okerren dauden langileen aldeko ezinbesteko ekimena” dela iritzi diote.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain