• EKONOMIA
  • ELAk etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea eta espekulazioa mugatzea eskatu du

ELAk etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea eta espekulazioa mugatzea eskatu du

Sindikatuaren txostenaren arabera, etxebizitzaren prezioak soldatak baino bi aldiz gehiago igo dira 2015etik

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko urriaren 27a - 17:03

ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko etxebizitza krisiari buruzko txostena aurkeztu du, egungo higiezinen ereduak pobrezia eta desberdintasun soziala areagotzen dituela salatzeko. Sindikatuaren datuen arabera, EAEn eta Nafarroan urtean 1.338 milioi euro ordaintzen dira alokairuetan. Diru-sarreren arabera biztanleriaren %40 pobreenak alokairuen kostuaren %62 bere gain hartzen du; aberatsenen %20k, berriz, alokairuetatik sortutako diru-sarreren %55 jasotzen du.

 

Etxebizitza erosteko kostuak ere gora egin du azken urteetan. 2015etik, prezioak %66 igo dira EAEn eta %63 Nafarroan; soldatak, aldiz, %35 eta %32 handitu dira, hurrenez hurren. ELAren arabera, ohiko hipoteka duenak batez beste 67.000 euro ordaintzen dizkie bankuei interesetan. Gainera, etxebizitza turistikoen kopurua %22 handitu da azken sei urteetan, eta Nafarroako alokairuko etxebizitzen %30 jabe handien esku dago. Etxebizitza ordaindu ondoren, pobrezia-tasa %17,1etik %25,7ra igotzen da EAEn eta Nafarroan; alokairua ordaintzen dutenen artean, %41etik %68ra.

Sindikatuak etxebizitza babestuen eskasia ere nabarmendu du, bereziki alokairukoen kasuan. EAEn, baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzen erdiak babes-kalifikazioa galdu du edo galduko du, eta Nafarroan babestutako etxebizitza gehienak pribatu bihurtuko dira datozen urteetan. Bien bitartean, 112.095 lagun daude EAEn etxebizitza babestu baten zain, eta 24.721 Nafarroan. Sindikatuak jaso duenez, alokairu babestuak etxebizitza guztien %2,6 dira EAEn eta %2 Nafarroan, Europako %6,5eko batez bestekoaren azpitik.

 

Egoera horri aurre egiteko, ELAk erakundeei eskatu die dituzten eskumenak erabil ditzatela etxebizitzaren espekulazioa eragozteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko. Proposamenen artean daude bizitzeko beste aukerarik eskaintzen ez duten etxegabetzeak debekatzea, inbertsio-funtsek eta espekulazio-sozietateek etxebizitzak eta bizitegi-lurrak erostea mugatzea, eta beren gizarte-funtzioa betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetzea. Horrez gain, alokairuko parke publikoa handitzea, prezioak mugatzeko neurriak ezartzea, jabe handien zerga-karga handitzea eta banku publikoa sortzea proposatu ditu sindikatuak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, aldundiek eta udalek badituzte egoerari aurre egiteko tresnak. Horregatik, sindikatuak azaroaren 11ko greba orokorrera deitu du, etxebizitza-politiketan norabide-aldaketa eskatzeko. ELAren beste helburu bat da alokairu publikoan inbertsio handiagoa egitea: epe laburrean BPGaren %1era iristea eta pixkanaka %2ra igotzea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain