Iranen aurkako erasoaz geroztik, nabariak izan dira ondorioak mundu osoan zehar. Hego Euskal Herrira ere iritsi dira, eta horixe aztertu du hain zuzen ere ELA sindikatuak, 'Iranen aurkako erasoaren ondorioak Hego Euskal Herrian' izeneko azterlanean. Txostenaren arabera, energiaren eta erregaien garestitzeak eragin du berriro ere inflazioak gora egitea; are gehiago, KPIa %4,3ra iritsi zen abuztuan, 2023ko otsailaz geroztik izan den mailarik altuenera, alegia. Elikagaien prezioak ere %36tik gora igo dira azken bost urteetan.
ELAk azaldu du energiaren prezioek gora egiteak eragina izan dezakeela beste ondasun eta zerbitzuen kostuetan. Aldi berean, inflazioaren gorakadak interes-tasetan eta Euriborrean ere izan du eragina: 12 hilabeteko Euriborra %3,345ean kokatu zen irailaren 17an, abuztuko %2,952aren eta duela urtebeteko %2,17 ingurukoaren gainetik. Horrek tasa aldakorreko hipotekak garestitzea ekar dezake, hileko kuotetan 80 eta 100 euro inguruko igoerekin.
Bestalde, sindikatuak enpresen irabazi eta marjinen bilakaera ere azpimarratu du. Ibex 35eko enpresek 39.390 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2026ko lehen seihilekoan, aurreko urtean baino %20 gehiago, eta enpresa-marjinak %13,8ra iritsi ziren bigarren hiruhilekoan. Zehazki petrolioa fintzen duten enpresen salmenta-marjina %41,5ekoa izan zen, aurreko urteko epe bereko %14,2aren aldean; erregaien handizkako merkataritzan, berriz, marjina %34tik gorakoa izan zen. "Onartezina da enpresek kostuen igoera berehala prezioetan islatzea eta beren irabaziak babestea, langileek, aldiz, erosahalmena galtzen jarraitzen dutenean", berretsi du sindikatuak.
ELAk proposatutako 10 neurriak
Arestian aipatutako egoera dela-eta sindikatuak hamar proposamen egin ditu. Lehen neurri gisa, ELAk soldaten erosahalmena bermatzea proposatu du, gutxienez KPIaren araberako soldata-igoerak ezarrita. Horrez gain, negoziazio kolektiboaren bidez sinatzen diren hitzarmen guztietan 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa izatea planteatu du. Hirugarrenik, erregaien eta beste produktu energetikoen prezioak zuzenean kontrolatzeko neurriak eskatu ditu, aurretik erabilitako hobari fiskalek enpresa-marjinak handitzea eragotzi ez dutela argudiatuta.
Laugarren eta bosgarren neurriek aparteko enpresa-mozkinei eragiten diete. ELAk energia-enpresei eta bankuei gehiegizko irabazien gaineko zerga ezartzea proposatu du, energia-krisiaren aurreko batez besteko mozkin-tasa %25 baino gehiago gainditzen duen zatia zergapetuz. Neurri bera supermerkatuei ere aplikatzea planteatu du. Seigarrenik, PFEZaren tarteak urtero KPIaren arabera egokitzea proposatu du, soldatek prezioek baino gutxiago gora egiten dutenean langileek zerga gehiago ordaintzea saihesteko.
Azken hiru proposamenek etxebizitza, gizarte-prestazioak eta garraio publikoa dituzte ardatz. ELAk etxegabetzeak geldiaraztea, alokairuen prezioak mugatzea eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko laguntzak indartzea eskatu du. Era berean, DSBEa, Errenta Bermatua eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak sendotzea eta prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez duten errenta baxuko familientzako zuzeneko laguntzak ematea proposatu du. Azkenik, garraio publikoaren prezioak jaisteko deskontuak aplikatzea eskatu du sindikatuak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta