ELA eta LAB sindikatuek greba dinamika bat jarriko dute martxan EAEko udal langileen artean, lan baldintzak hobetu asmoz. Bi sindikatuek Eudeli eta udaletan ordezkaritza duten alderdiei eskatu diete negoziazio mahaietan benetako edukiak lantzeko eta “hemen eta orain” akordioak lortzeko.
Sindikatuek salatu dute Udalhitz hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik ia urte eta erdi igaro dela, eta, hala ere, langileen aldarrikapen nagusiak ez direla mahai gainean jarri. Haien arabera, proposatutako edukiak “eskasak eta zehaztasunik gabekoak” izan dira, eta egoera bera errepikatzen ari da hitzarmenetik kanpo dauden udal handietan ere.
Testuinguru horretan, ELAk eta LABek ohartarazi dute urteak daramatzatela lan baldintzak hobetzeko akordiorik gabe, eta negoziazio mahai askok ez dutela jarduerarik. Bien bitartean, lan baldintzak okertzen joan direla baieztatu dute, eta udaletan agintean dauden alderdi politikoek ez dutela oraindik ere sektorerako proposamen integralik aurkeztu.
Egoera hori ikusita, sindikatuek mobilizazio egutegi bateratua adostu dute. Lehen urratsa apirilaren 17an egingo diren eskualdeko kontzentrazioak izango dira. Ondoren, apirilaren 23an bi orduko lanuzteak deitu dituzte, eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak egingo dituzte EAEko udaletxe guztietan.
Hainbat dira bi taldeek egiten dituzten aldarrikapenak. Besteak beste, azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea, 1.500 eurotik beherako soldatarik ez izatea azpikontratatutako langileen artean, eta enplegua egonkortzeko neurriak hartzea planteatu dute. Halaber, pribatizazioari ateak ixtea eta jada pribatizatutako zerbitzuak berriz publiko bihurtzea defendatu dute.
Horrez gain, lanaldiak murriztea, osasun laboraleko neurriak indartzea, hautaketa prozesuak tokiko erakundeen esku uztea eta euskara zein berdintasun politiketan aurrerapausoak ematea eskatu dute. Bi sindikatuek udal langile guztiei dei egin diete deitutako mobilizazio eta grebetan parte hartzera.