Imanol Pradales lehendakariak bilera bana egin du gaur ELA eta LAB sindikatuekin. Bi erakundeek zerbitzu publikoen egoerari, lan baldintzei, zerga politikari eta langileen eskubideei buruzko kezkak helarazi dizkiote. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak zerbitzu publikoen "gainbehera geldiarazteko" berehalako plan bat eskatu dio lehendakariari, eta LABek, berriz, adierazi du ezin duela azken bi urteetako Jaurlaritzaren politiken gaineko "balantze positiborik egin".
ELAren arabera, Osakidetzan eta Hezkuntzan behin-behinekotasuna Europako mailarik handienetakoa da: iraileko datuen arabera, Osakidetzako 22.442 langilek (%50,4k) eta Hezkuntzako 18.923k (%51k) aldi baterako kontratua dute. Lakuntzak salatu du inbertsio publiko faltak lan-kargak handitu eta zerbitzuak okertu dituela, eta Pradalesi inplikazio handiagoa eskatu dio. "Ezin da deitoratu gero eta greba gehiago deitzea baldin eta hauen zergatiak konpontzeko ezer egiten ez bada", adierazi du. ELAk, gainera, lantaldeak egonkortzea, ratioak hobetzea eta Hezkuntzan euskarazko murgiltze eredua ezartzea proposatu du.
LABek ere zerbitzu publikoen egoera kritikatu du, eta Osakidetzaren arazoak inbertsio faltarekin eta pribatizazio eta kontzertazio politikekin lotu ditu. Hezkuntzari dagokionez, aurretik sindikatuak lortutako akordioak osorik betetzea eskatu du, eta euskararen inguruan "ausardia politiko handiagoa" galdegin dio Pradalesi. LABek, halaber, zaintza sistema publiko eta komunitario baterako urratsak ematea eta industriaren birmoldaketari buruzko politika garatzea eskatu du; haren esanetan, gaur egun enpresetara diru publikoa bideratzea da Jaurlaritzaren politika nagusia.
Bi sindikatuek zerga politikaren norabidea ere kritikatu dute. ELAk salatu du gero eta pertsona gehiagok zailtasunak dituztela hilaren amaierara iristeko, eta aberatsenei zuzendutako pribilegio fiskalak mantentzen direla. Horren aurrean, enpresek gutxienez irabazien %25 ordaintzea eta kapital-errenten pribilegioak kentzea proposatu du. LABek, berriz, adierazi du zerga politika patronalaren eta kapitalaren interesen alde egiten ari dela eta, aldi berean, langileen bizi baldintzak prekarizatzen dituzten politikak mantentzeak "faxismoari bazka" ematen diola.
Gutxieneko soldata propioaren eta elkarrizketa sozialaren inguruan ere bat egin dute bi sindikatuek. ELAk aurten 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko Confebask negoziatzera behartzeko konpromiso publikoa eskatu dio Pradalesi, baita Elkarrizketa Sozialeko Legea ez bultzatzeko ere. LABek, bestalde, lege proposamen hori bertan behera uzteko eskatu du, eta salatu du haren helburua dela "sindikalismo otzana" saritzea eta gehiengo sindikalaren ordezkaritza aldatzea. LABek, gainera, autogobernuan eta negoziazio kolektiboan aurrera egiteko eskatu dio lehendakariari.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta