• EKONOMIA
  • ELAren Zerbitzuak federazioak 10. Kongresua abiatu du Gasteizen

ELAren Zerbitzuak federazioak 10. Kongresua abiatu du Gasteizen

Biltzarrak zuzendaritza berria hautatuko du eta hurrengo lau urteetarako jardun-ildoak zehaztuko ditu

Kongresuan 200 ordezkari bildu dira | Argazkia: ELA
Kongresuan 200 ordezkari bildu dira | Argazkia: ELA
2025eko azaroaren 20a - 10:54

ELAko Zerbitzuak federazioak bere 10. Kongresuari ekin dio gaur Gasteizko Europa Jauregian, “Berdintasunerako antolatu – Un sindicato para que ganemos tod@s” lelopean. Bertan bozkatuko dituzte aurreko kongresutik egindako lanaren balorazioa eta hurrengo lau urteetan sindikatuaren jarduna gidatuko duten bost ebazpenak, antolakuntza, berdintasuna, esparru propioaren defentsa eta negoziazio-ahalmena indartzea ardatz hartuta.

 

Kongresuan 200 ordezkari bildu dira, 30.992 afiliaturen ordezkaritza hartuta. Eguneko erabakirik nagusiena Ane Alberdi idazkari nagusi izendatzea da, orain arte Mari Cruz Elkorok betetako kargu hartu baitu. Gainera, Batzorde iraunkorrerako zerrenda berria bozkatuko dute, Euskal Herriko eskualde gehienak ordezkatzen dituzten kideekin.

Goizean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak sindikatuaren erronkei buruz hitz egin du, eta federazioak egitura konfederalean duen pisua nabarmendu du. Bertako gutxieneko soldata ezartzearen aldeko apustuak sektore askotan izango lukeela eragina azpimarratu du: “Bertoko LGS baten aldeko borroka estrategikoa da ELArentzat; prekaritatearen kontrako borroka da”. Era berean, soldatak igotzea funtsezkotzat jo du pobrezia arintzeko eta emakume zein migratzaileen artean dagoen soldata-arrakala murrizteko.

 

Lakuntzak gogorarazi du azken urteetako garaipen ugari sektore feminizatu eta prekarioenetan lortu direla, Zerbitzuak federazioaren esparruetan bereziki. Sindikatuaren arabera, greba eta akordio ugarik erakutsi dute antolakuntza kolektibo sendoak eta konfrontaziorako prest dagoen sindikalismoak bakarrik bermatzen dituela aurrerapausoak. “Lan zentro bakoitzean indartzea da gure eguneroko zeregina”, adierazi du, lan baldintza hobeak lortzeko bidean mobilizazioari eustea ezinbestekoa dela nabarmenduta.