• EKONOMIA
  • ELAk dio industria politika ezin dela izan enpresa handiak etekinak handitzeko "autobide bat"

ELAk dio industria politika ezin dela izan enpresa handiak etekinak handitzeko "autobide bat"

Dirulaguntza nahiz baliabide publikoak jasotzen dituzten enpresek enpleguari eusteko, deslokalizazioak saihesteko, etekinak lurraldean berrinbertitzeko eta lan zein ingurumen eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartu behar dutela esan du sindikatuak

Argazkia. ELA
Argazkia. ELA
2026ko ekainaren 11 - 13:06
Eg. 2026ko ekainaren 11 - 13:09

ELAk Industria politika langile klasearen zerbitzura. Diagnostiko eta proposamen integrala ikuspegi ekosozialetik izeneko txostena aurkeztu du gaur.  Sindikatuak hainbat neurri proposatu ditu, eta Hego Euskal herriko ekonomiaren bilakaera aztertu eta “industria eredu bidezkoagoa, demokratikoagoa eta jasangarriagoa” eraikitzeko proposamena plazaratu du.

 

Txostenaren aurkezpenean, Mitxel Lakuntzak industria berpizteko Jaurlaritzak hartutako neurriei buruz hitz egin du: “Herrialde honetako industria politika ezin da izan enpresa handien interesak lehenesteko ‘autobide’ bat, ezta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin haien etekinak gizentzeko tresna ere”.

Sindikatuak adierazi du laguntza publiko orok “baldintza sozial, laboral eta ekologiko zorrotzak” izan behar dituela, eta baliabide publikoak jasotzen dituzten enpresek enpleguari eusteko, deslokalizazioak saihesteko, etekinak lurraldean berrinbertitzeko eta lan zein ingurumen eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartu behar dutela.

 

Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak industria politikarako proposamena aurkeztu du, hiru printzipiotan oinarritua:” enpresa estrategikoak jabetza publiko, kooperatibo edo sozialekoak izan daitezen bultzatzea; langileek erabaki ekonomikoetan benetako parte-hartzea bermatzea; eta ekoizpena gizartearen beharrak asetzeko bideratzea, muga ekologikoak errespetatuz”.

Besteak beste, sindikatuak proposatu du Industria Partaidetzetarako Euskal Erakundea, garapenerako banku publiko bat, industria sarearen jarraipen eta alerta goiztiarrerako sistema publiko bat eta energia berriztagarrien enpresa publiko bat sortzea.