• EKONOMIA
  • ELAk etxebizitzaren krisia "makillatzea" leporatu dio Eusko Jaurlaritzari

ELAk etxebizitzaren krisia "makillatzea" leporatu dio Eusko Jaurlaritzari

Sindikatuaren arabera, konponbiderik gabeko dekretuak egiten ari da Jaurlaritza, eta ez dago krisiari aurre egiteko borondate politikorik

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko apirilaren 21a - 17:19
Eg. 2026ko apirilaren 21a - 17:20

Eusko Jaurlaritzak abenduko etxebizitza legea osatuko duen urgentziazko neurrien dekretua onartu du gaur, eta horren aurrean, ELAk ez du aldaketarik ikusten aurreko gobernuek hartutako erabakien aldean. Sindikatuaren aburuz, Jaurlaritzak “ezkutu sozial” gisa aurkeztu nahi izan ditu neurriak, baina diskurtso hori “faltsua” da.

 

Sindikatu abertzalearen arabera, Etxebiden izena emateko baldintzak gogortu ditu dekretuak. Orain arte nahikoa zen urte bateko erroldarekin, baina aurrerantzean izena emateko hiru urteko errolda behar izango da. Sindikatuak salatu du neurriaren benetako helburua ez dela etxebizitza arazoari erantzutea, baizik eta Etxebiden izena emanda dauden 100.000 pertsonatik gorako zerrenda "artifizialki" murriztea.

Hori gutxi balitz, ELAk dio dekretuak gazteei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak lausotzen dituela, baina ohartarazi du politika horiek ez direla eraginkorrak. “Gazteei emandako dirulaguntzekin, diru publikoaren transferentzia bat ematen da jabeen esku geratzen dena. Gainera, horrelako neurriek alokairuen prezioen hazkundea ekartzen dute”, azaldu du ohar bidez.

 

Tentsio eremuei dagokienez, ELAk nabarmendu du Jaurlaritzak berak aitortu duela neurriak soilik alokairu merkatuaren %10ari eragingo diola, eta, beraz, inpaktu oso mugatua izango duela. Sindikatuaren arabera, EAEko administrazio publikoek "trabak" jarri dituzte tentsio-eremuen garapenean, eta borondate politiko falta agerian geratu da neurri eraginkorrak ezartzeko orduan.