• EKONOMIA
  • ELAk euskaraz negoziatzeko asmoa du Bizkaiko metalgintzaren mahaian

ELAk euskaraz negoziatzeko asmoa du Bizkaiko metalgintzaren mahaian

Asteazkenean egingo dute bilera eta sindikatuak uste du uztailean LHKri eskaera egin zionetik, euskaraz aritzeko lehen aukera dela

Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna | Argazkia: ELA
Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna | Argazkia: ELA
2026ko irailaren 1a - 14:51

Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaiari ekingo diote asteazken honetan, eta ELAren ustez, hura izango da lan hitzarmenen negoziaketetan hizkuntza eskubideak bermatzeko lehen aukera, hots, euskaraz negoziatzeko lehen abagunea.

 

Uztailaren hasieran ELAk LKH Lan Harremanen Kontseiluari eskatu zion sektore mailako hitzarmenen negoziazioetan aldi bereko itzulpen zerbitzua martxan jartzeko, mahaian euskaraz ez zekitenek kalitatezko itzulpen zerbitzua izan zezaten, besteak beste. Bada, sindikatuaren arabera, kalitatezko itzulpen zerbitzua ezartzeko lehen aukera da Bizkaiko Metaleko negoziazio mahaia.

ELAk goizean helarazitako oharrean adierazi du Lan Harremanen Kontseiluak ez duela zerbitzua eskainiko duenik baieztatu. “Uztailean, Lan Harremanen Kontseiluak ez zion ELAren proposamenari erantzun; are gehiago, negoziazio mahai bakoitzean euskara erabiltzeko aukera sindikatu eta patronalen artean adostera deitu zuen. Erakunde publikoa izan arren, herritarrei egotzi zien hizkuntza eskubideak gauzatu ahal izatea”, salatu du sindikatuak.

 

Gauzak horrela, Lan Harremanen Kontseiluak Europa Press berri agentziari jakinarazi dio euskarazko itzulpen zerbitzua ezartzeko asmoa duela, "eragiketa eta prozedura baldintzek ahalbidetzen duten bezain laster", eta hori "berandu baino lehen" izatea espero duela.

LHK argitu du ELAk eginiko eskaerari erantzuteko aukerak aztertzen aritu dela azken asteetan, izan ere, sindikatuak jakinarazi du euskaraz soilik negoziatuko duela 27 negoziazio mahaietan.

ELAk gogoratu du negoziatzaile guztiek eskubidea dutela beren hautazko hizkuntzan aritzeko, eta LHKk bi aukera dituela uste du: “kalitatezko aldi bereko itzulpen zerbitzua jarri eta denen hizkuntza eskubideak errespetatzeko erraztasunak eman, edo negoziaketa mahaiko ordezkarien esku utzi hizkuntza irizpideen erabakia aldi bereko kalitatezko itzultzaile zerbitzua jarri gabe”.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain